NAIZ

Haurgune eta Kidegune aisialdi programetan plaza eskatzeko epea

Bilboko Udalak astelehen honetatik asteazkenera arte zabaldu du 2017/2018 ikasturtean Haurgune eta Kidegune haur eta gaztetxoen aisialdirako programetan plaza eskatzeko epea.

Haurgune programa Bilbon erroldatutako 5-8 urte bitarteko umeei zuzenduta dago (2009tik 2012ra jaioak). Programa astelehenetik ostegunera bitartean egingo da, 17.30etik 19.30era arte, eta 12 plaza eskaintzen dira zentro eta egun bakoitzean.

Bestalde, Kidegune hirian erroldatuta dauden 9-11 urteko neska-mutilentzat da (2006tik 2008ra jaioak). Kasu honetan, ordutegia 17.30etik 19.30era artekoa izango da, ostiraletan eta larunbatetan, eta 15 plaza eskaintzen dira zentro bakoitzean.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, parte hartzaileek aukera izango dute adiskide berriak egiteko, bizikidetzarako trebetasunak eskuratzeko eta eskolatik irtetean eta asteburuetan aisialdiaz gozatzeko. Era berean, Bilboko Udalak lana eta familia bateragarri egitea sustatu nahi du.

Haurguneak eta Kideguneak Begoña, Irala, Otxarkoaga, Deustu, Zorrotza eta Castañoseko udal zentroetan eta Zazpi Kaleetako lokal batean kokatuta daude. Jardueren gaiak ikasturte guztietan aldatzen dira, eta ikasturte berrian «Smart Citizens: Bilbo adimenduna eraikiz» lelopean egingo dira.

Bi programetan parte hartzeko zozketa publikoa ostegunean egingo da, irailaren 14an, 10.00etan, Bilboko Udalaren Gazteria eta Kirol Sailaren bulegoetan, Aznar eraikineko 4. solairuan. Zozketaren emaitza ostiralean kontsultatu ahalko da, irailaren 15ean, www.bilbao.eus webgunean, 010 / 944 010 010 informazio telefonoetan eta Bilbao Click bulego elektronikoetan.

Plaza tokatzen zaien umeek irailaren 15etik 19ra bitartean egin ahal izango dute inskripzioa. Plaza hutsik geratzen bada, inskripzioak ikasturtean zehar egiteko aukera izango da, urriaren 2an hasita, Gazteria eta Kirol Sailera deituz (94 420 43 94 / 94 420 42 22 / 94 420 43 95).