NAIZ

Hiriaren egoerari buruzko lehen Udalbatzarra ostiral honetan

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea buru, «Hiriaren Egoerari buruzko Udalbatzarra» egingo da ostiral honetan, irailak 15, 9.30etatik aurrera. Agintaldi honetan egingo den lehenengo Udalbatzarra da eta Udal araudi berrian onartutako berritasuna da.

Bilboko Udalbatzarra. (Bilboko Udala)
Bilboko Udalbatzarra. (Bilboko Udala)

Ohiko udalbatzarren antzera Udaletxeko Areto Nagusian egingo da Udalbatzarra eta alkateak hiriaren egoerari buruz, legegintzaldi honetako bi urteetan egindako ekintzetaz hitz egingo du.

Prentsara bidalitako oharrean nabarmendu dutenez, «arreta handiz arakatuko dira gobernu taldearen ildo nagusiak», eta horrekin batera, datozen bi urteetarako aurreikusita dauden ekintza eta berritasunetako batzuk aurreratuko dira.

Juan Mari Aburtoren esanetan, «hiriaren egoerari buruzko erradiografia osoa egitea da udalbatzarraren xedea, agintaldia hasi zenetik egin dugunaren berrikuspena eta azterketa eginez, baina egiteko zain daukagunari begira, betiere bilbotarren bizi kalitatearen eta hiriaren etorkizunaren mesedetan».

Alkateak Udal Sail guztietatik abiarazi diren ekintza eta programen errepasoa egin eta Udal Gobernuaren lehentasunezko erronken inguruan mintzatuko da. «Jarduera ekonomikoa eta enplegua, zerbitzu publikoak, bizi-kalitatea, auzoetako obrak eta jarduketak edota nazioarteko posizionamendua», besteak beste, azaldu dutenez.

Aburtoren azalpen orokorraren ondoren, eztabaidari ekingo zaio alderdi politikoen agerraldiekin. Bukaeran, alkateak hitza hartuko du alderdi politikoei erantzuteko. «Hiriaren gaur egungo argazkia bistaratu nahi dugu –zehaztu du–, bere indargune eta ahulezia guztiekin, talde politiko guztien ikuspegia ere bilduz, elkarren artean gure hiriaren alde lan egin ahal izateko, horixe baita, edo izan behar du, gure helburu nagusi eta bakarra».

Udalbatzar hau urtean behin egingo da, irailaren 30a baino lehen –Udal Hauteskundeak dauden urteetan izan ezik–, eta bertan ez da erabakirik hartuko.