@arianekamio
Andoain
Entrevista
Mikel Arregi
Rikardo Arregiren anaia

«Rikardok amestutako gauza asko ikusiko zituen betetzen»

«Amaika bider, haren eskribitzeko makinaren tiki-taka azkarra entzunik nago ni, aren nerearen aldameneko gelatik: edozein ordutan; egun argiz, edo ‘gabean-gaberdi’, aren makinaren eten gabeko tiki-taka ots azkar hura». [Manuel Lekuona, ‘Gu traketsok’, 1969, Zeruko Argia].

Mikel Arregi, Eguzki-Alde etxean, Andoainen. (Argazkia: Conny BEYREUTHER)
Mikel Arregi, Eguzki-Alde etxean, Andoainen. (Argazkia: Conny BEYREUTHER)

Andoain. Eguzki-Alde etxea. 2017ko maiatzaren 15a. Goizeko hamarrak.

Rikardoren ibilbide pertsonalaz hitz egitea gustatuko litzaidake, zer egin zuen, nolakoa zen.
Ez duzu, bada, pertsonarik egokiena aurkitu horretarako, zeren nik berarekin zazpi urteko aldea nuen. Bera 42an jaioa zen eta ni 49an. Nik zentzu pixka bat nuen garairako bera seminariora joana zen, nik 4 urte nituela. Seminarioko ibilbide guztian, urtean zehar ez ginen gehiegi ikusten, oporretan bakarrik. Eta oporretan apaiztegiko bizimodua egiten zuen gehienbat. Orduan, anai arteko harremanak bere bizitzaren amaieran izan genituen batez ere. Baina ez zidan denbora gehiegirik eman berarekin anai arteko harreman onak izateko.

Lau anai-arrebak etxe berean jaio ginen, Juan Bautista Erro kaleko Zabala-Enean. Baina urte eta erdi nituela honantz etorri ginen; berak dagoeneko 9 urte zituen. Hona etorri eta gutxira seminarioko bidea hartu zuen. 

Eta handik itzuli zenean?
Seminariotik etorri zenean Bilbora joan zen. Han egin zituen PREU [unibertsitate aurreko kurtsoa] eta  lehenengo ikasketak. Handik etorri eta soldaduskara joan zen. Ia bi urte pasatu zituen Infanteria de Marinan, aurrena Ferrolen eta gero Puerto de Santa Marian, eta handik etorri eta bere ibilbidea oso laburra izan zen. Bere benetako gaiak lantzen zegoen, alfabetatzea batez ere, eta eman nahi zion zentzu zabal horretan, editorial bat martxan jartzekotan ziren. Horretarako Gabriel Arestiri erosi zioten "Elsa Scheelen", Txillardegiren edizio bat, eta trukean auto bat eman behar zioten. Kotxe hori eramatera zihoazenean Euskaltzaindiko bilera batera izan zuen istripua Ramon Saizarbitoriarekin. Eta hor bukatu ziren gure harreman guztiak.

Nolako izaera zuen?
Bai gogoratzen dut gizon ona zela. Karakter aldetik esaten digute asko gu arregitarrak garela; bera aranburutarra zen gehiago, amaren abizena, Errezildik datorrena. Eta bazuen desberdintasun hori. Nik ezagutu nuen heinean, gizon ona, besteei laguntzeko beti prest zegoena eta anai artean giro ona mantentzen zekiena. Zaharrena izanik beste guztiak ere bere ildotik ibilitakoak gara. 

Gau eta egun lanean aritzen zen. Hala idatzi zuen behintzat Manuel Lekuonak.
Goiko partean egoten ziren biak. Goiko balkoi txiki horrek [dio etxeko aurrealdera begira] Manuel Lekuonaren gelara ematen zuen eta ondoan Rikardoren gela zegoen. Rikardok bere lanak aurrena idatziz paperean egiten zituen eta gero makinara pasatzen zituen, Olivetti txiki batean. Hori da Manuel Lekuonak idatzi zuena Rikardo hil eta berehala, nola sentitzen zuen edozein ordutan makinaz idazten.



Bera etxean zegoenean lana egiten zuen bere gelan. Irakurri, idatzi, hitzaldiak prestatu, artikuluak prestatu… Tarteka gustatzen zitzaion gorputza lantzeko frontoian pilotan aritzea, bakarrik aritzen zen, eta otorduetan elkarrekin egoten ginen.

Gure etxean familia beti zaindu izan da, batez ere sukaldeko mahaiaren inguruan. Afalaurretik beti gure ohitura zen arrosarioak errezatzea. Aitak errezatzen zituen eta misterioak eta letaniak amak kontatzen zituen. Familia guztia bilduta egiten genuen hori eta gero elkarrekin afaltzen genuen. Horretarako beti prest egoten zen.

Baina hori etxean zegoenean, zeren, esan bezala, etxeko bizimodu gehiegirik ez zuen ezagutu apaiztegitik soldaduskara joan baitzen, eta gero bere hitzaldiak eta artikuluak egiten egon zen. Baina etxeko giroan egoteko beti prest. 

Kontatzen duzunaren arabera, diziplinatua zen.
Bai, hala ikasi zuen apaiztegian, eta gero bere buruari ere diziplina handia izaten erakutsi zion. Ikasketak ere aurrera zeramatzan ez edozein ikaslek bezala, baizik eta libreki ibiltzen zen. Lana ere egiten zuen asteburuetan. Donostiara joaten zen igande gauetan kinielak zuzentzera, diru pixka bat ateratzeko bere poltsikorako. Jaiki, dutxatu eta bere gelan sartuta ordu pila egiten zituen. 

Gazte hil zen baina gauza asko egin zituen hil aurretik. Kulturarekiko, euskararekiko, politikarekiko ekintzailetasun hori nondik zetorkion?
Gure aita pertsona nahiko berezia zen. Bere kasa landutako pertsona bat. Irakurtzea asko gustatzen zitzaiona, kulturan murgildua. Ama, berriz, nahiz eta baserritarra izan, moja eskolan ibili zen, pintatzen ikasi zuen eta bazuen espiritualitatea, erlijiotasuna. Bi gurasoen arteko nahasketa horretatik sortu zen Rikardoren izpiritu hori; euskaltzaletasuna, kultura. Asko aipatu izan da Manuel Lekuona etxean bizi zelako asko zor zitzaiola, baina hori guztiz alderantzizkoa da. Guk denok etxetik ikasi izan dugu. Eta Manuel Lekuonak egin zuena izan zen etxe honetan zegoen giroaz aprobetxatu bere lanak egiteko.

Eta gero bagenituen ere bi osaba apaiz. Bata aitaren aldetik, Eugenio. Eta bestetik, Andoainen egon zena baina gero Donostiara joan zena, Francisco, amaren anaia. Eta biek bazuten kulturarekiko lotura eta hori ere nabaritu izan zen, zeren etxean asko egoten ziren. Harreman ona genuen biekin.

Ez da kanpotik sortutako zerbait, baizik familia giroan sortutakoa. Eta beste anai-arrebek ere ildo beretik jorratu izan dugu bizitza.

Esan daiteke bazuela iraultzarako joera bat. Bera izan zen alfabetatze kanpaina abiatu zuena, politikarako sena ere bazuen. Diputatu izan nahi zuen, hurrengo lehendakari ere izan zitekeela esan izan da.
Garbi zituen ideia batzuk. Politikan jokatu egin behar zela, euskara bera eta euskal kultura bere kasa ez zirela inora joango. Hortik dator "Euskaltzaleon jainkoa hil behar dugu" lan ezaguna. Bere apustua zen euskarak eta euskal kulturak mundu berri batean sartu behar zutela eta mundu horretan presente egon behar zutela. Alde batetik dator alfabetatzea, gainera, zentzu zabalean. Ez zuen bakarrik planteatzen euskara ikastea eta euskaraz idazten eta irakurtzen jakitea, baizik eta, kontzeptu zabalago batean, euskara kultura arloan sartzea; horregatik nahi zuen editorial bat martxan jarri. Berak asko irakurtzen zuen garai hartan Frantziako ‘Que sais-je?’ bilduma dibulgatiboa, gai jeneralak lantzen zituena. Horrelako gauzak asko interesatzen zitzaizkion alfabetatze horretatik abiatzeko. Ez bakarrik hizkuntza baizik eta hizkuntzaren ondoan dagoen kultura guztia banatzeko eta horren jabe izateko.

Ezaguna da Usurbilen egin zuen hitzalditxo bat bazkari batean esanaz euskara politikan, kulturan, zinean sartzen ez zen bitartean hila izango zela. Ez zela nahikoa gurasoengandik seme-alabengana pasatzea, zentzu zabalago batean jokatu behar zela. Zentzu horretan iraultzailea? Bai. Garbi zeukan arlo guztietan parte hartu behar zela euskal kultura aurrera atera ahal izateko. 

64an kondenatua izan zen eta Martutenen lau hilabete pasa zituen.
Guretzat politikan ez sartzea oso zaila da, etxean ikusi izan baitugu. Aita beti izan da hor sartua egon dena, ez zuzenki bera azaltzen, baizik atzetik jendeari laguntzen. Guk txikitatik edan dugu iturri horietatik, politika etxean, kultura etxean, oso zaila da hortik ihes egitea. Nabarmena da geroztikakoak ere hor ibili garela. Batera edo bestera.

‘Zeruko Argia’n batez ere nazioarteko gaietaz hitz egin zuen. Nola lortzen zuen informazioa atzerriko egoerez?
Asko irakurtzen zuen. Egunkari frantsesak, aldizkariak. Soldaduskari esker Galizia eta Andaluzia ezagutu zituen, Parisen ere egona zen, baina ez zuen denborarik izan bidaiatzeko. Parisen Karlos Santamariaren eskutik joan zen Pax Christiren bidaia batean. Apaiztegia 62an utzi zuen eta 69an hil zen. Zazpi urte. Eta zazpi urte horietatik bi soldaduskak kendu zizkion. Baina irakurri asko egiten zuen, ‘Le Monde’, ‘L´Express’. Egunkari haiek irakurrita bazegoen modua Europan zer gertatzen ari zen jakiteko, eta Afrikan ere bai. 

Karlos Santamaria maisu gisa zeukan berak, ze harreman izan zuten?
Harremana izan zuten kultura arlotik eta baita ere erlijiotik, sortu zen humanismoari lotutako mugimendutik. Bere eskutik Parisera joan zen Pax Christiren bilera batera. Harreman ona zeukaten. 

Hil eta gero Andoainen sortu zen kultur talde bat.
Rikardo Arregi Kultur Taldea sortu zuten. Rikardo buru bezala hartuta kultura arloa sustatu nahi izan zuten Andoainen, kultura bere kontzeptu zabalenean. Ez zuen gehiegi iraun. Urte batzuetan hor ibili ziren, egoitza izan zuten Rikardoren aitonaren etxean, Zubiaurren. Haien apustua zen kultura sustatzea Andoainen. 

Anekdotarik baduzu gogoan?
Kuriositateak bai. Batzuetan anai-arrebak bakarrik geratzen ginen etxean. Gurasoek ahal zutenean aprobetxatzen zuten kanpora joateko. Aitak bazuen ohitura ardo onak izatekoa, bisitaren bat etortzen bazen ateratzeko. Anaiak esaten zigun: «Ez, ez. Guk nahiz eta arrautza frijitua jan, ardo ona edango diagu. Hobe duk arrautza frijituarekin ardo ona edatea langostarik onena ardo txarrarekin baino. Eta kanpokoak noiz etorri zain egon gabe guk ere ardo ona edango diagu».

Ni etxean erdi pailazo izaten nintzen, eta bera oso gustura egoten zen.



Bera zen zaharrena eta zu gazteena.
Bai. Zazpi urteko aldea genuen. Begoña da bigarrena, Joseba hirugarrena eta Joseba eta nire artean hiru urteko aldea dugu. 

Herriarekin zer harreman zuen?
Herriarekin zeukan harremana izan zen ikasketak hasi eta gero etxera etorri zenean kultura arloan, euskara, alfabetatzea… Klase batzuk eman zituen, ikastolarekin izan zuen harremana. Badago talde bat nolabaiteko lehenengo titulazioa euskaraz atera zuena. Euskarako gaitasuna klaseak emateko, berak emandako klaseekin. Hitzaldiren bat eta beste. Ez zuen denborarik izan. Idatzi bat badago "Zeruko Argia"-n 68an idatzi zuena andoaindar batzuk espetxeratuak izan zirenean beraiei eskainitakoa.

Eskolan ere aurrena Xaxierrotan ibili zen. Gero La Sallera pasatu zen eta handik apaiztegira. Eta apaiztegian zegoela Xaxierrotarekin harremanetan jarraitu zuen. Batxilergoa hemen beste inon ez zen egiten, baina Xaxierrotan ematen ziren klaseak. Lau anai-arrebak hortik pasatu gara, neronek Batxilergoa Xaxierrotan egin nuen nahiz eta La Sallera joan. Batxilergoko aurreneko bi urteak han egin nituen.

Gero 20 urterekin Donostiara eta Tolosara joateko joera izan zuen. Tolosara ‘Jakin’-eko bileretara eta Donostiara ‘Zeruko Argia’-koetara. Han egin zituen harremanak.

27 urterekin hil zen…
26rekin. Uztailean hil zen eta irailean egiten zituen 27.

Inoiz pentsatu duzu zer izango zen berataz beranduago hil izan balitz?
Hori da askotan galdetzen dena eta erantzuna ezinezkoa da. Berak amestutako gauza asko ikusiko zituen betetzen. Orain, betetze horretan nondik nora joko zuen? Uste dut arriskugarria dela hori esatea. Baina bera ezagututa nik uste dut kultur arloari lotuta, euskarari lotuta egongo zela eta politikan ere parte hartuko zuela.