NAIZ

Ohorezko Mikeldia emango dio ZINEBI-k Marco Bellocchio zinemagile italiarrari

ZINEBI jaialdiaren 59. edizioa azaroaren 10etik 17ra egingo da, eta Ohorezko Mikeldi saria amaiera ekitaldian emango diote Marco Bellocchio italiarrari, Arriaga Antzokiko agertoki nagusian.

Marco Bellocchio.
Marco Bellocchio.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI), Marco Bellocchio zinegile italiarrari emango dio bere 59. edizioko Ohorezko bigarren Mikeldia. Jaialdiaren omenaldia amaiera ekitaldian jasoko du, azaroaren 17an, arratsaldeko 20.00etatik aurrera, Arriaga Antzokiko eszenatoki nagusian.

Nabarmendu dutenez, Marco Bellocchiok «originaltasun artistikoz eta konpromiso etiko eta politiko sutsuz betetako lana egin du, eta, ondorioz, zinegile deserosoa eta sailkatzekoa erraza ez dena izan da, begirada sarkorra, amorratua eta inolaz ere amore eman ez duena, eta, hori dela eta, sarritan zinegile errebelde gisa definitua izan da».

Bellocchio 1939an jaio zen Bobbion, Emilia-Romagna lurraldeko herri txiki batean, Italia iparraldean. Errebeldia hori, bere lehen ikasketak egin zituen aita salestarren ikastetxean agertu zen lehen aldiz, eta leku berean sortu zitzaion zinegile bokazio goiztiarra.

Film ugari egin ditu zinemagile italiarrak eta bere opera primatik argi uzten du bere estiloa. 1965ean bere lehenengo film luzea zuzentzea lortu zuen, ‘I pugni in tasca’, dagoeneko bere ondorengo zine guztiaren leit-motivak izango diren ezaugarrietako batzuk erakusten zituen lana: ezkerreko jarrera politiko nabarmena eta begirada kritikoa eta konformagaitza. Horien bitartez norbanakoak, gizartean duen izaera osatzen duten erakundeekin dituen harremanen kontraesanak erakutsi ditu, familiarekin, erlijioarekin eta Italiako –mendebalde guztirako balio dezake– Estatuaren aparatu ideologiko eta errepresiboekin, batez ere.

Aurten bertan, jaialdiaren amaiera ekitaldian eskainiko den ‘Per una rosa’ film laburra egin du. ZINEBI 59an La colpa e la pena (1961) film laburra eta I pugni in tasca (1965), Sorelle mai (2010) eta duela denbora gutxi egindako Fai bei sogni (2016) film luzeak ikusi ahal izango dira.