Baionan egindako agerraldi batean, presoen inguruan egingo duten ekimen bateratua aurkeztu dute Sare, Etxerat eta Bagoazeko kideek: Estatu frantseseko 20 espetxetan barrena egin asmo duten bira, hain zuzen, abenduaren 9rako Parisen deitutako manifestazioarekin bat eginez bukatuko dena.
Ekimena azaroaren 16an abiatuko da eta euskal presoak dauden frantses Estatuko 20 espetxe bisitatuko dituzte. Horrez gain, zortzi hiritan geldialdiak egingo dituzte (Toulouse, Marseilla, Lion, Poitiers, Nantes, Rennes, Lille eta Paris). Giza Eskubideen Ligarekin elkarlanean ekitaldi desberdinak antolatzeaz gain, tokian tokiko eragileak interpelatuko dituzte, presoen inguruko informazioa helaraziz.
Etxerateko bozeramaile Urtzi Errazkinek azpimarratu duenez, egun 316 euskal preso politiko daude espetxean, horietatik 68 Estatu frantseseko 20 espetxetan sakabanatuta.
Egun indarrean dagoen legeria aplikatuko balitz, 43k kalean egon beharko luketela adierazi du.
Era berean, gogoratu du senide eta lagunek pairatu behar duten urruntzearen ondorioz hamasei pertsona zendu direla eta gaineratu du azken istripua duela bi aste besterik ez zela gertatu.
«Egoera honek ezin du segitu, gainditu behar dugu», esan du Errazkinek.
Zentzu horretan, bakegileek abenduaren 9rako Parisen antolatu duten deialdiarekin bat egitearen garrantzia azpimarratu dute Etxerat, Bagoaz eta Sareko kideek. Halaber, heldu den larunbatean, urriak 7, Luhuson egingo den bilkuran parte hartzeko gonbitea ere egin dute.