Nagore BELASTEGI

Euskararen alde egiten dutenentzat aipamen magikoa

Euskararen alde egiten duten entitateei ematen diete Bai Euskarari saria, urtez urte. Atzo Tabakaleran ospatu zuten euskaltzaleen festan Zergatik arropa dendak eta Miren Fuldain Getariako farmazia txalotu zituzten enpresa arloan. Bestalde, Bai Euskarari lagun izendatu zituzten Elkar fundazioko Joxemari Sors eta Jon Jaka. Ekitaldia zinemaren ingurukoa, dibertigarria, dinamikoa eta «magikoa» izan zen.

«Photocall» baten inguruan pilatzen hasi ziren gonbidatuak 14.00etan. Betaurrekoekin, garagardo erraldoiekin eta euskararen aldeko leloekin, kamera aurrean jartzen ziren ateak zabaldu bitartean. Jarraian denak barrura joan ziren eta Aitor “Tor” magoa zuten zain bertan. Berau aurkezlea izanik, argi zegoen magia eta umorea ez zirela faltako. Honek eskuekin truko bat egin ostean, Rober Gutierrez Bai Euskarari-ko zuzendariak gogorarazi zuen fundazioaren 10. urteurrena betetzen dela –baita bere urtebetetzea ere, eta lankideek zorionak zuri abestu zioten amaieran–.

Zuzendariak hamar urte hauetan pauso handiak eman diren arren oraindik egiteko asko dagoela azpimarratu zuen. «Ziurtagiri bat baino gehiago da; komunitatea indartu egiten dugu», esan zuen enpresa askorentzat euskara «balio erantsia» delako harro.

Segidan lehenengo saridunak deitu zituzten, Itziar Oiartzabal eta Janire Soraluze, Zergatik arropa dendakoak. Adierazi zuten ilusio handia egiten diela sari hau irabazteak eta orain arte ziurtagiriak hobetzen saiatu diren bezala, bide beretik jarraituko dutela. Euren kide Aitor Arbeloa ezin izan zen ekitaldira joan, baina bideo bat bidali zuen.

«Diskriminazio positiboa»

Miren Fuldain Getariako farmaziak ere sari bera lortu zuen. Bertara gerturatu zen ugazaba, baina guardia tokatzen zitzaienez, gainerako lankideek botikan lanean gelditu behar izan zuten. Ziurtagiriarekin bat egiteko deia egin zien oraindik ez duten enpresei.

Amaitzeko, Elkarreko Joxemari Sors eta Jon Jaka igo ziren agertokira. «Euskarak herri egiten gaitu», azpimarratu zuen Sorsek. Biak ala biak euskararen «diskriminazio positiboaren» alde agertu ziren, instituzioei hizkuntza sustatzeko lege eta dirulaguntzak eskatuz. Ekitaldiaren ostean, denak batera mokadutxo bat egiteko aukera izan zuten globoz betetako areto batean.