NAIZ

59 etxebizitza esleitu ditu Udalak, 13.000 eurotik gorako diru sarrerak dituzten gazteentzat

Bilboko Udalak 59 etxebizitza alokatu ditu gazteentzako emantzipazio programaren baitan. Hiru urteko kontratua sinatzen dute eta 175 euro ordaindu behar dituzte hilero. 36 urtetik beherako pertsonei zuzendua dago eta 13.000 eurotik gorako diru sarrerak izan behar dituzte.

Goyo Zurro, Etxebizitza Saileko zinegotzia. (Bilboko Udala)
Goyo Zurro, Etxebizitza Saileko zinegotzia. (Bilboko Udala)

Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak emantzipazio-programako bigarren edizioan eskaini dituen 60 pisuetatik 59 esleitu ditu. Programaren helburua da gazteen etxebizitza eskariari erantzutea da.

42 etxebizitza eskaini dituzte Otxarkoagan, 7 Bilbo Zaharrean eta 11 San Frantziskon, Goyo Zurro Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeko lehendakari eta Bilboko Udaleko Etxebizitza Saileko zinegotziak adierazi duenez.

Etxebizitzak eskuratzeko 36 urtetik beherakoa izan beharra dago; Etxebiden izena emanda egon eta gutxienez, hiru urte Bilbon erroldatuta egotea. Bestalde, bizikidetza-unitatea, gehienez ere kide bikoa da eta gutxienez urteko 13.000 eurotik gorako diru-sarrerak izan behar dituzte.

Etxebideko erregistroa oinarritzat hartuta, Udal Etxebizitzak erakundeak eskutitza bidali zien aipatutako baldintzak betetzen zituzten 598 pertsonei. Informazio hori eskura, interesdunek, webgunetik bertatik, aukeratutako etxebizitza bisitatzeko hitzordua eskatu dute. Programa indarrean egon den hilabete eta erdian, 91 bisita kudeatu dira eta horietako %65ak errenta-kontratua formalizatu du. 3 urterako esleitu dira eta hileko 175 euroko errentaren truke. Kontratua berrizteko aukera dagoela esan du Goyo Zurro PSEko zinegotziak.

Profila

Etxebizitza esleitu zaien pertsonei dagokienez, % 70 gizonezkoak izan dira eta % 30 emakumezkoak. Kide-kopuruari dagokionez, adjudikatu diren 59 etxebizitzetatik, 38 pertsona bakarrarentzat izan dira eta gainerako 21ak kide biko familientzat: horietatik 17 bikoteak ziren eta 4 guraso bakarreko familiak.

Programa honen bidez udal etxebizitzak errentan hartu dituzten pertsonen % 58 30 eta 35 urte bitartekoak dira; % 39 25 eta 29 urte bitartekoak eta % 3k bakarrik du 20 eta 24 urte bitartean.

Alde ekonomikoari begiratuz gero, % 54k urteko 15.000 eta 21.000 euro bitarteko sarrerak ditu; % 39k ezarritako gutxienekoa baino zeozer gutxiago jasotzen du, 13.000 eta 15.000 euro bitartean. Etxebizitza esleitu zaien pertsonen % 7k bakarrik ditu urteko 21.000 eurotik gorako diru-sarrerak.

Emantzipazio-programaren bigarren edizioan etxebizitza errentan hartu duten pertsona gehienak, % 90, Bilbon erroldatuta egon dira azken bost urteetan, gutxienez. % 68, hain zuzen ere, 10 urte baino gehiago dira Bilbon erroldatuta daudela. Eta azkenik, 3 eta 5 urteko antzinatasuna % 10ak bakarrik dauka.