Aimar Etxeberria

«Kaosa» lagun?

Gaizki ohituak gauzka, oso gaizki ohituak. Titularrak eman zale da Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa, iniziatiba politikoa hartu zale. Aurretik joatea gustatzen zaio, eta ongi joan zaio orain arte bederen. Zergatik ez berdin jarraitu aurrerantzean ere? Zentzu horretan, etsipen puntu bat transmititu zuen atzoko bere hitzaldiak; itxarotea erabaki du oraingoan, ekinbidea besteei uztea eta unea iristean, egoki balitz, erabakitzea.

Brexitak zabaldu zizkion aukera berriak eskoziar independentismoari, baina Brexita bera da bigarren galdeketa baterako bidea baldintzatzen ari den elementua. Azeleragailua eta frenoa, biak batean. Horrek, baina, prozesuaren kontrola hirugarren baten esku uztera behartu du eskoziar Gobernua, Londresen eta Bruselaren arteko negoziazioen esku, alegia.

Eta horretan egin nahi du arrantza Sturgeonek. Brexita eskoziarrentzat kaltegarria izango dela totemtzat hartuta, eta Gobernu britainiarra «kaos» egoeran dagoela sinetsita, denboraren beraren joana lagun izango dutela uste du lehen ministro eskoziarrak. Izan daiteke, ukaezina baita Theresa Mayren Gobernuak hartutako erabaki asko eta asko eskoziarren interesen aurkakoak izan direla gaur artean behintzat. Baina izan daiteke bestela ere.

Hartutako erabakiarekin denboraren kontrola ere galdu egin du Edinburgoko Gobernuak. Iragan martxoan iragarri zuen bigarren independentzia erreferenduma, eta jarri zen abian makineria independentista. Helmugarik ezean, baina, noraezerako arriskua dago, eta egoera horretan aurkitzen da mugimendu independentista. Joarekin jarraitu ala gelditu, edo noiz arte itxaron. Horra askatu beharreko korapiloa.