EAJk oharra kaleratu du eta bertan jakinarazi du ez duela begi onez ikusten Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzea Katalunian eta, beraz, tramitazioa Senatura iristen denean aurkako botoa emango du.
Kataluniako auzia konpontzeko «elkarrizketa eta negoziazioa» dira «balio duten tresna bakarrak» EAJren iritziz.
Puigdemonten azken eskutitzari «irakurketa baikorra» egiten bazaio, «argi ikusten da» bere aburuz Kataluniako Parlamentuak «ez zuela independentzia formalki aldarrikatu» urriaren 10ean, eta «hori izan da Espainiako Gobernuaren lehen eskakizuna. Horren arabera, argi dago Gobernu zentralak adierazitako lehen baldintza bete egin dela».
EAJk nabarmendu duenez, Kataluniak «ez du salbuespen neurririk behar, guztiz alderantziz. Kataluniako auziak behar duena da demokrazia batean ohiko gertatzen den zerbait, elkarrekin hitz egiteko esertzea».
EH Bildu
EH Bilduk ere oharra kaleratu du eta bertan Maddalen Iriarte legebiltzarkideak deitoratu duenez, Estatu espainolak «elkarrizketaren eta irtenbide adostuaren bideari uko egiten diola berretsi du». «Elkarrizketa bera kriminalizatzen duela berretsi du. Sumisioa/inposizioa parametroetan baino ez dakiela mugitzen», salatu du.
Iriartek nabarmendu duenez, Gobernu espainolak, «PSOEren babesarekin, Autonomien Estatua bera dinamitatu du gaur ofizialki». Horrek Euskal Herrian ere «ondorio larriak» dituela ohartarazi du eta, hortaz, «neurria ematera behartzen gaitu euskal alderdiok».
Puigdemonti, bere Gobernuari eta Kataluniako herriari babes osoa adierazi die, eta Europar Batasunari eta nazioarteko komunitateari eskatu die «bestaldera ez begiratzeko eta auzi honetan esku hartzeko, «jokoan dagoena demokrazia bera eta oinarrizko eskubide eta askatasunak direlako».
Elkarrekin Podemos
Elkarrekin Podemos taldeko Cristina Makazaga parlamentariak ere hitz egin du eta 155. artikulua aktibatzea «arduragabekeria handia» dela esan du. Bere irudiko, auzia konpondu baino «arazoa sakondu» egingo du erabaki horrek.
Puigdemont lehendakariak Rajoyri eman dion erantzuna «ez zen behar zena, ez zelako aldebakarreko independentzia adierazpenik egin», eta urriaren 1eko mobilizazioa, «oso garrantzitsua izanik ere, ez du ahalbidetzen» adierazpena egitea.
Bi aldeei «mehatxuen logika» alde batera uzteko eta elkarrizketari heltzeko eskatu die. Bere alderdiaren aukera «argia» dela erantsi du: «legezko eta adostutako erreferenduma».