NAIZ
GASTEIZ

Euskara doan ikasteko aukera izango dute ertzainek

Bingen Zupiria eta Estefania Beltran de Herediak, Kultura eta Hizkuntza Politikako eta Estefania  Segurtasun sailburuek hitzarmena sinatu dute, ertzainei lan ordutegitik kanpo euskara doan ikasteko aukera emango diena.

Beltran de Heredia eta Zupiria sailburuak, hitzarmena sinatu ondoren. (IREKIA)
Beltran de Heredia eta Zupiria sailburuak, hitzarmena sinatu ondoren. (IREKIA)

Lakuak jakinarazi duenez, Segurtasun Sailak «aspalditik» laguntzen du euskararen irakaskuntza Ertzaintzaren barnean, baina lehen aldia da horrelako hitzarmen bat sinatzen dela Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren menpe dagoen HABE erakundearekin.

Beltran de Herediak hartutako neurriaren garrantzia nabarmendu du. «Hitzarmen honi esker euskararen normalizazioan aurrerapauso bat gehiago eman dugu departamentuan, baita Ertzaintzan Euskara Planaren egitasmoetan ere. HABErekin sustatu den elkarlan hau funtsezkoa izango da euskara lantzen edo ikasten ari diren ertzainei babesa eta erraztasunak emate aldera», adierazi du.

Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak euskararen irakaskuntzan «ahalik eta erraztasun gehien emateko» egiten duen ahalegina azpimarratu du. Bere hitzetan, «euskarara hurbildu direnek beti nabarmentzen dute esperientzia honek eman dien guztia: mundu berri bat irabazteko balio diela esan ohi dute».

«Hala ere, badakigu hizkuntza bat ikastea ez dela aldats behera izaten, eta albait erraztasun gehien eman nahi dizkiegu pausoa ematen dutenei. Orain dela aste batzuk akordio bat sinatu genuen Enplegu eta Gizarte Politiken Sailarekin prestakuntza ekintzak egiten dituzten langabeei zuzenduta, eta azken akordio honen bidez ertzainen bidea erraztu nahi dugu», azaldu du.

Prozedura

Prozedurari dagokionez, Segurtasun Sailak deialdiak egingo ditu urtean zehar euskara ikasi nahi duten ertzainek eskaria egin dezaten, eta oinarrizko baldintza batzuek betetzen dituztenekin zerrenda bat aterako da. Matrikula orria emango die onartuei, bakoitzak nahi duen euskaltegia eta ordutegia erabaki dezan.

Akordioari esker, onartutako ertzainek ez dute ezer ere ordainduko euskaltegietan; izan ere, kudeaketa gomendioari esker, matrikula eta irakaskuntzaren kostuak Segurtasun Sailak ordainduko dizkio HABEri, honen prezio publikoen arabera. Azkenik, HABEk diru laguntzen deialdiaren bitartez eta matrikulen fakturen bitartez dagokiona ordainduko dio euskaltegi bakoitzari.

Ertzainek euskaltegietan zein autoikaskuntzarako zentro homologatuetan eskaintzen diren maila guztietan eman ahal izango dute izena matrikula orriaren bitartez.

Bestalde, jarraipen batzorde bat eratuko da, Giza Baliabideen Zuzendaritzako eta HABEko kideek osatua, kudeaketa gomendioa behar bezala kudeatu ahal izateko.

Bi sailen helburua da aurten hasitako bide honi ekitea datozen urteotan, euskara Ertzaintzan sustatzeko eta honen irakaskuntza bideratzeko «lehengo eredua baino eraginkorragoa» izango delakoan baitaude.