GARA
BILBO

Rizzo, Sciarroni eta Mriziga, BADen azken txanpan

Azken txanpan sartua da Bilboko BAD arte eszenikoen jaialdia eta, bihartik igandera bitartean, Estatu mailako hiru estreinaldi jasoko ditu: Alessandro Sciarroniren, Michele Rizzoren eta Raodouan Mrizigaren lan berriak. Euskal eszenari dagokionez, Kanpai konpainiak eta Nerea Martinezek ere euren azken lanak estreinatuko dituzte Bilboko jaialdian.

Presentación del festival BAD. (Bilboko Udala)
Presentación del festival BAD. (Bilboko Udala)

Ateak igandean itxiko ditu BAD arte eszenikoen jaialdiak, baina, bitartean, gaurtik hasita hainbat estreinaldi ekarriko ditu Bilbora. Hala, Vera Manteroz eta Malika Djardi artisten lanez gain, Estatu mailako hiru estreinaldia ere ekarriko dituzte Bilbora Michele Rizzo, Alessandro Sciarroni eta Raodouan Mrizigak.

Alessandro Sciarronik “Chroma, don’t be frightened of turning the page” lana ekarriko du larunbatean Campos Antzokiko Kupulara, eta Michele Rizzok klubetako dantza esperientzian inspiratutako “Higher” dantza performancea aurkeztuko du igandean Pabiloi 6 aretoan. Bere aldetik, Radouan Mziringa koreografo eta dantzari marokoarra bere lehenengo sorkuntza lana den “55” piezarekin dator Bilbora. Dantza performancea eskainiko du, «artistak ikusleen ikuspegiarekin eta itxaropenekin etengabe jolasten duen bakarkako lana». Emanaldia gaur izango da, 19.00etan, BilbaoArten.

Programatutako gainerako proposamenen artean zenbait artista azpimarratu dituzte antolakuntzatik. “Hueco” lanean, ezezaguna denaren, iraunkortasunaren edo bilaketa baten zurrunbiloaren aurrean dantza egiten duen gorputzarekin eszenaratzearen bertigoaren ideia darama Poliana Limak oholtzara (Circula 2017 saria). Ikuskizuna La Fundicionen ikusi ahal izango da bihar, 21.00etan.

Euskal eszena

Euskal eszenari dagokionez, Nerea Martinezen eta Kanpairen eskutik helduko diren bi proposamen azpimarratu dituzte. Kanpai Natalia de Miguelek eta Jorge Jauregik 2016an sortutako konpainia da, eta, elkarrekin egindako lehen lana aurkeztuko dute, BilbaoEszenaren laguntza izan duen “White Lies”. Gaur Pabiloi 6 aretoan estreinatuko den dantza garaikideko piezak, itxuraz bateraezinak diren bi munduren borrokatik transzendentziara eta mina gainditzera doan bidea erakutsiko du.

“Biraka” lanari dagokionez, Nerea Martinezek bere prestakuntzan izan dituen bi dantza teknikek, euskal dantza tradizionalak eta dantza garaikideak, denboran eta espazioan izandako bilakaerari buruzko gogoeta da. Proiektuaren xedea, dantzaren artea, artearen munduko beste diziplina asko bezala, etengabeko bilakaera prozesuan dagoela erakustea eta horren inguruko ikerketa egitea da. Pieza, bi txalapartariren laguntzarekin itxiko da, eta, horrez gain, Monica Lavanderaren laguntza ere izango du jantzietan. Izan ere, tradizioaren eta garaikidea denaren arteko uztarketa jantzien bitartez ere irudikatzen da. Estreinaldia gaur izango da La Fundicionen, 19.30etik aurrera.

Bestalde, ostiralerako kultur industriari bereziki zuzendutako saioa antolatu dute, programatzaileen eta artisten arteko topaketa errazteko. Topaketaren helburua hogei euskal konpainia inguru Estatu espainoleko eta Estatu frantseseko hainbat programatzailerekin elkartzea da, BADetik azaldu dutenez.