Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketaren XXXIV. edizioak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 40 ekoizle bildu ditu Idiazabalen eta horietatik hiru onenak saritu ditu epaimahaiak.
Lehen sailkatua Elgoibarko Mausitxa izan da, Lekarozko Kortaria baserriak jaso du bigarren saria eta Arabako Patxi Lopez de Uraldek izan da hirugarrena.
Garaileak Artzai Gazta Kaikua, txapela eta transgeniko gabeko Unamunoko 1.000 kilo pentsu eraman ditu etxera. Bigarren sailkatuak, berriz, DIVA kooperatibako 800 kilo pentsu eta Laboral Kutxa garaikurra jaso ditu. Hirugarrenak, aldiz, Unamunoko 500 kilo pentsu eta Gipuzkoako Foru Aldundia garaikurra.
Salmenta postuetan dastagai izan diren gazten artean, Nafarroako Antsonea gaztandegiari eman dio publikoak sari berezia. Aitortza honen irabazleak HAZI Fundazioa garaikurra eta DIVA kooperatibako 400 kilo pentsu jaso ditu.
Aurtengo berrikuntza txapelketaren leku aldatzea izan da, Pilar Enea Parkea izan baita lehen aldiz Artzai Gazta onenaren aukeraketaren lekuko.
«Aurtengo txapelketaren arrakastaren isla gaztaren arloko 35 profesional baino gehiagoz osatutako epaimahaia izan da, teknikoak eta nazioarteko inportatzaileak. Guztiek Artzai Gaztaz gozatu eta lehen pertsonan ikusi ahal izan dute gazta loredunak duen garrantzia eta aniztasuna txapelketan eta gaztagileen artean», azpimarratu du Luisa Villegasek, 107 artzain eta gaztagile biltzen dituen Artzai Gazta Elkarteko koordinatzaileak.