NAIZ
BILBO

Azaroaren 5eko galdeketei babesa adierazi diete Leioa, Getxo eta Erandioko hautetsi ohiek

Azken hamarkadetan Leioa, Getxo eta Erandion alkate eta hautetsi izandakoek, egungo zinegotziekin batera, azaroaren 5eko herri galdeketetan parte hartzeko deia egin dute.

Leioa, Getxo eta Erandioko hautetsi diren eta izan direnek babesa adierazi diete azaroaren 5eko galdeketei. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Leioa, Getxo eta Erandioko hautetsi diren eta izan direnek babesa adierazi diete azaroaren 5eko galdeketei. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Bizkaia zubian egindako agerraldian, azken hamarkadetan Leioan, Getxon eta Erandion hautetsi izan diren eta gaur diren gizon eta emakumeek azaroaren 5eko galdeketei babesa adierazi diete.

Getxoko alkate ohi Javier Agirrek eta Leioako zinegotzi Naiara Goirienak hartu dute hitza eta, azpimarratu dutenez, «frankismo osteko garaian hautetsi izan garen eta garen gizon eta emakumeok, gure agintaldian eskubideak eta askatasunak defendatu genituen era berean, ulertzen dugu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea dugula eta geuri bakarrik dagokigula gure burua nola egituratu nahi dugun erabakitzea».

Horregatik, Erandio, Getxo eta Leioako herritarrei galdeketetan parte hartzeko deia egin diete. «Demokraziaren festa izango da; herritarrok, hautetsontziak, botoa eta erabakia».

Guztira, 13 dira azaroaren 5. horretan galdeketak egingo dituzten herriak: aipatutako Leioa, Getxo eta Erandion egingo direnez gain, Andoain, Areatza, Atxondo, Beizama, Berango, Elantxobe, Galdakao, Mundaka, Ibarrangelu eta Otxandioko herritarrek ere zita baitute hautetsontziekin. Herriotan 160.000 biztanle bizi dira orotara. 

Getxok 80.000 biztanle ditu eta orain arte galdeketa egin dutenetatik handiena da.

Olatu desberdinetan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 165 herritako 155.000 biztanlek hartu dute hitza dagoeneko.