NAIZ
Elorrio

Espainiar Estatuan kondena beteta Aritz Arginzoniz presoa Parisen epaituko dutela salatu dute

Lehen aldiz, euskal preso politiko bat, espainiar Estatuan kondena bete ostean, frantziar Estatuan epaitua izanen da. Hau da Aritz Arginzoniz Elorrioko preso politikoaren egoera, senide eta lagunek jakinarazi dutenez.

Aritz Arginzoniz presoaren senide eta lagunek prentsaurrekoa eman dute Elorrion. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Aritz Arginzoniz presoaren senide eta lagunek prentsaurrekoa eman dute Elorrion. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

Aritz Arginzoniz elorriotarrak espainiar espetxe ezberdinetan dispertsaturik pasa ditu azkeneko 10 urteak. Espainiar legeen arabera, kalean egon beharko zen aspaldi. Dena den, kondena osoa bete ostean, 2018ko otsailean geratu beharko litzateke aske.

Hala ere, bere senide eta lagunek Elorrioko plazan eman dute prentsaurrekoa, eta bertan azaldu dutenez azaroaren hasieran Parisera eraman behar dute beste epaiketa baterako. Hau izanen litzateke prozedura hau ematen den lehen kasua. Hau da, lehen aldia litzateke espainiar Estatuan kondena bete ostean frantziar Estatuak euskal preso politiko bat epaituko duela.

Arginzonizen bikoteak azaldu duenez, 2016ko otsailean jakinarazi zioten Parisek estradizio eskaera egin zuela. «Ankerkeriak mugarik ez duela» salatu dute.

«Baldintzatzen jarraituko gaituzte baina ozen eta argi esan nahi dugu guk, senide eta lagunok ankerkeria honen aurrean aurrera egiteko asmo irmoa dugula eta espetxe politikak jartzen dituen muga berrien aurrean salaketa egiten eta gure senide eta lagunak babestean jarraituko dugula. Eta hemendik, Elorrioko herritarrak eta gainontzeko euskal herritarrak ere gurekin bat egitera deitu nahi ditugu, herriaren esku baitago espetxe politika honekin amaitzeko eta gatazkaren konponbide gauzatzeko giltza», adierazi dute.