NAIZ

535,9 miloi euroko aurrekontua izango du Bilboko Udalak 2018an

Aburtok azaldu duenaren arabera, 78,6 milioi inbertsio publikorako izango dira eta 246,3 zerbitzu publikoetarako. Zorrotzaurreko BETA 2 eraikina berritzeko eta San Mames kiroldegi berria izango dira datorren urteko proiektu garrantzitsuenetarikoak.

Aburtok aurkeztu ditu Udalaren 2018ko aurrekontuak. (Bilboko Udala)
Aburtok aurkeztu ditu Udalaren 2018ko aurrekontuak. (Bilboko Udala)

Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok, eta Ekonomia eta Ogasuneko zinegotziak, Marta Ajuriak, udaleko Gobernu Taldeak datorren 2018ko ekitaldirako egindako aurrekontuen proiektua aurkeztu dute. Guztira, 535,9 milioi euro dira, iaz baino % 1,5 gehiago (8 milioi euro gehiago).

Alkateak nabarmendu duenez, kontuak «positiboak dira, eta argi eta nabarmen begiratzen diote Bilboren etorkizunari eta garapenari. Horrez gain, herritarrentzako zerbitzuen kalitatea hobetzea dute helburutzat».

Aldi berean, nabarmendu behar da 2018ko ekitaldia «zorrik gabe» amaitzea aurreikusten duela, ez duelako jasotzen inolako kreditu-eragiketarik. Gogoratu behar dugu 2017an 35 milioi euroko kreditu-eragiketa bat egin zela, eta oraindik ez dela gauzatu.

Proiektu eta inbertsioak

2018an garatu beharreko hogeita hamar bat proiektu nabarmentzen dira. Aipagarrienak, 28,7 milioi euro auzoetan egindako jardueretarako eta 24,6 Enplegua eta Ekonomia Jarduerarako.

Inbertsio handia egingo du Bilboko Udalak ere Zorrotzaurren, 5,6 milioirekin BETA 2 eraikina berritzeko, As Fabrik proiekturako eta beste milioi bat euro BETA 1erako, Digipen Unibertsitate kokatu den lekura; 4,1 miloi euro San Mames kiroldegi berrirako.

Aurreikusitako beste gastu batzuk: 700.000 euro Olabeagako mugikortasuna hobetzeko bideratuko dira, 550.000 euro Deustu-San Pedro plazan auzoko proiekturako; 509.000 euro Gai Sukoiei Eraikina gisa ezagutzen dena birgaitzeko (Basurtu); 500.000 euro San Inazio-Erandio bidegorriaren loturarako; 500.000 Parkeetako Jarduera Planerako; 500.000 euro irisgarritasuna hobetzeko obretarako; 400.000 euro Belategi Plazan; 340.000 euro Administrazio elektronikoko proiektuetarako eta modernizatzeko; 250.000 euro Errekaldeko Kiroldegiko Patinaje Pistetarako; 200.000 euro Olabeagako irisgarritasun mekanikorako eta beste 50.000 euro Zorrotzako Auzo Etxea aztertzeko.