GARA
GETXO

Gaurtik igandera irekiko ditu ateak Getxoko XVI. Komiki Azokak

Getxoko Komiki Azokaren 16. edizioa hasiko da gaur eta binetaren mundua gerturatuko die zaleei igandera bitartean. Aurten, bisitariek 60 salmenta gune aurkituko dituzte Bizkaiko udalerrian, eta horietan izango dira, besteak beste, komiki dendak, denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak eta bederatzigarren artearekin lotutako sektore guztiak.

Getxoko Komiki Azokaren 16. edizioa hasiko da gaur eta binetaren mundua gerturatuko die zaleei igandera bitartean. Aurten, bisitariek 60 salmenta gune aurkituko dituzte Bizkaiko udalerrian, eta horietan izango dira, besteak beste, komiki dendak, denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak eta bederatzigarren artearekin lotutako sektore guztiak. Merkataritza gunearekin batera, azokak jarduera ugari eskainiko ditu.

Ohikoa denez, artista ospetsuek bisitatuko dute Getxo. Horietako batzuek nazioartean sona handia dute, eta hitzaldi eta aurkezpenetan parte hartuko dute. Sinadura saioak ere antolatu dira.

Aurtengo gonbidatuen artean, antolatzaileek hurrengo hauek nabarmendu dituzte: Chris Claremont Marvel argitaletxeko komikigile nagusietakoa, Peter Bagge komiki alternatiboaren izen handiko artista eta Claudio Castellini, fumetti komikien artista ospetsua. Horiez gain, Ana Oncina, Javier Rodriguez, Ramon Boldu, Quan Zhou, Mauro Entrialgo, Sergio Cordoba, Lorenzo Montatores eta beste asko ere Getxon egongo dira.

Halaber, Josep Maria Bea komikigile bartzelonar beteranoa, AEBetan bere komikiak garatzen eta gidoiak egiten aitzindaria izan zena, eta Gregorio Muro Harriet euskal komikigintzako izen handienetarikoa ere nabarmendu ditu antolakuntzak.

Erakusketak ere ez dira faltako. Karpan, Peter Bagge, Harriet eta Ana Oncina egileei eta “Voltio” aldizkariari buruzko erakusketak izango dira, eta kanpoan, berriz, “Xabiroi” euskarazko aldizkariez eta Daniel Gojenolaren “Zinekomik” erakusketaz gozatzeko aukera izango da.