NAIZ

56 udal ortu egongo dira Otxarkoagan

Auzotarrek, langabezian daudenek, irabazi asmo bako elkarteek eta desgaitasunen bat duten pertsonek jorratu ahalko dituzte ortuak.

Alfonso Gil, Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko arduraduna. (Bilboko Udala)
Alfonso Gil, Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko arduraduna. (Bilboko Udala)

Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko arduradunek Udalaren ortu berriak aurkeztu dituzte Otxarkoaga-Txurdinaga auzoan. Errekaldeko esperientziaren ostean, Udalak ekimena beste auzo batzuetara zabaltzeko erabakia hartu du. 56 ortuak Otxarkoagako Prestakuntza Zentroaren atzealdean daude.

Errekaldeko udal ortuen aurreko esleipenean ezarritako lehentasunezko irizpide berak erabili ditu Udalak: barrutiko bizilagunak, luzaroan langabezian daudenak, irabazi asmo bako elkarteak eta desgaituak izango dira ortuak landuko dituztenen profilak.

198 eskabide aurkeztu ziren deialdi publikora eta horien artean 55 lur-zati zozketatu ziren. Ortuotan, gainera, hiru txabola ipiniko dira: bi aldagelak izango dira eta eguzki-panelak izango dituzte eta bestean lanabesak gordeko dira.

Alfonso Gil Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko ordezkariaren esanetan, «ekimen honek hemen baino lehenago Errekalden izandako arrakastaren ostean, Otxarkoaga-Txurdinaga auzoan jartzera animatu gara; horrela, bertako bizilagunek lurra jorratzeko eremu publikoa izango dute, modu ekologikoan eta kontsumo pertsonalerako eta, bide batez, espazioak sortuko ditugu naturan ingurumenari buruzko kanpainak burutzeko».

Lur-zatiaren esleipendunek urte bitan landuko dituzte ortuok, beste batez luzatzeko aukerarekin. Ortuetan lortutako produktuak norbere kontsumorako izango dira, ezin izango dizkiote beste inori saldu.

Banaketa

40 metro karratuko tamaina duten 56 partzelak hainbat lotetan eman zaizkie Udalak lehentasunezkotzat jotako zenbait kolektibori. Hala, 1 eta 36 arteko lurzatiak auzoko bizilagunek ustiatuko dituzte, banaka edo taldeka aurkeztutakoak.

Langabetuentzat 37 eta 47 arteko zenbakiak dituzten partzelak dira; eta 48tik 50era artekoak arlo fisikoko edo adimeneko nolabaiteko desgaitasuna duten pertsonentzat edo haien elkarteentzat izango dira.

51 eta 55 zenbakien arteko partzelak Bilboko irabazi asmo bako elkarteentzat zuzendu dituzte.

56 zenbakiko partzela Udalak berarentzat gorde du, Eskolako Agenda 21arekin lortutako jarduerak egiteko erabil dadin.

Partzelaren erabilera doakoa da eta esleipendunek mantentzen eta zaintzen lagundu behar dute.