Bilbon egindako agerraldian. Karta sozialeko bozeramaileek mobilizazioa deitu dute Gasteizen astearterako eta, adierazi dutenez, ekimen honek «bestelako eredu sozial bat» aldarrikatzen du, «pertsonak zein natura erdigunean jarriko dituena, eta ez kapitalaren interesak». Zentzu horretan, EAEn aurkezten diren aurrekontuak kritikatu dituzte. «Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian aberastasuna egon badago herritarren beharrak bermatzeko. Era berean, aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeen aldeko gehiengo soziala ere badago, politikaren lehentasunak aldatzeko».
Astearteko mobilizazioan, Lakuaren aurrekontuak eta zerga politika neoliberalak direla salatuko da Gasteizen. «Alternatiba sozialak badaude, baina gure agintariek ez dute borondate politikorik bide hori egiteko. Aurrekontuen oinarriak zeintzuk diren kontuan hartuta, argi dago ez dagoela aukerarik ikuspuntu sozial batetik proiektuaren inguruan akordio batera iristeko. Alternatibak argi eta garbi jarri behar dira mahai gainean».
Beste eredu bat lortzeko bidean landu dituzten proposamenak aurkeztu dituzte gaur. Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari (DSBE) eta Lanbidek kudeatzen dituen beste prestazioa %8ko igoera aplikatu, hau da, Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak (LGS) 2017an izan duen igoera. Era berean, prestazio sozialen zenbatekoan %7ko murrizketa ezartzen duen xedapen gehigarria indargabetu dezatela defendatu dute.
Modu berean, pentsio sistema publikoa lortzeko bidean «urratsak» eskatu dituzte, baita etxebizitza hutsen gaineko zerga ezartzea, alokairu sozialeko etxebizitza eskuratzeko aukera bermatzearekin batera.
Hezkuntzari ere so egin diote, 0-3 urte artean eta gainerako hezkuntza etapetan, goi mailako irakaskuntzan barne, dauden plaza eskaera guztiak sare publikoan doan estaltzea.