Sare sozialetan eskegitako bideo baten bitartez jakinarazi zuen Amaia Agirregabiriak atzo arratsaldean Martuteneko espetxean sartzekoa zela, Gipuzkoako Auzitegiak iragan irailean ezarri zion bi urte eta erdiko espetxe zigorra betetzeko.
Azken hilabeteotan jasotako «babesa eta maitasuna» eskertzeko baliatu zuen bideoa. «Indartsu goaz eta indartsuago itzuliko gara», esan zuen.
Funtziotan udal idazkari zen Iker Rokandiori zigor bera ezarri zion epaitegiak eta aurki sartuko da Zaballako espetxean.
Justiziari traba egitea egotzita agindutako espetxe zigorraz gain, zazpina urteko inhabilitazioa ezarri zien epaileak Agirregabiria eta Rokandiori, prebarikazioa leporatuta.
2013ko otsailaren 19an gaizki aparkatuta zegoen auto baten jabearekin izandako liskar baten harira, auzia epaitegietatik urrun mantentzeko asmotan bi udaltzaini epaiketara ez joateko agindua –zerbitzu jurdikoekin eta udaltzainekin adostutatakoa– sinatzeagatik ezarri zieten zigorra. Zigor arloko epaitegi batek urtebeteko espetxe zigorra ezarri zien, baina Gipuzkoako Auzitegiak bi urte eta erdira igo egin zuen gero.
Igandean bertan, Pasaiako bizilagunak Gure Zumardian bildu ziren Agirregabiria eta Rokandiori elkartasuna adierazteko.
Udal langileek ere babesa adierazi zieten iragan urriaren 18an egindako agerraldi batean.
EH Bilduren oharra
Ohar baten bitartez, EH Bilduk ere «babes eta elkartasun osoa» adierazi die Agirregabiria eta Rokandiori. «Sinetsita gaude bere jardun pubikoan herritarrei laguntzeko borondate osoa izan zutela beti beren ekintza publiko eta instituzional guztietan», azpimarratu du koalizioak.
Hori dela-eta, adierazi dute «lehenbailehen berriz kalean ikustea» espero dutela.