NAIZ

Veljko Mrsic izango da Bilbao Basketeko entrenatzailea denboraldia bukatu arte

Bilbao Basket taldeak Veljko Mrsic kroaziarra izango dela entrenatzaile berria iragarri du. Denboraldia bukatu arte zuzenduko du taldea. Jokalari bezala ACB ligan aritutakoa da Mrsic.

Veljko Mrsic. (@CDBILBAOBASKET)
Veljko Mrsic. (@CDBILBAOBASKET)

Bilbao Basket taldeak astelehen honetan jakinarazi du Carles Duran entrenatzaile katalanak ez duela aulkian jarraituko eta Veljko Mrsic kroaziarra izango dela taldeko entrenatzaile berria denboraldia bukatu arte. Mrsic asteartean hasiko da RETAbet Bilbao Basket entrenatzen.

Carles Duran kaleratzeko erabakia igande gauean hartu zuen Bilbao Basket taldeko administrazio kontseiluak. Emaitza txarrak argudiatu dituzte kanporatzeko.

Talde bilbotarrak bere webgunean argitaraturiko oharrean adierazi duenez, Mrsic duela 46 urte jaio zen, Spliten (Kroazia), eta jokalari bezala ACB ligan jokatutakoa da. Hain zuzen ere, Unicajan eta Gironan jokatu baitzuen. Malagako taldearekin Korac Kopa irabazi zuen 2001ean.

Jokalari izateari utzi eta entrenatzaile ibilbidea 2006an hasi zuen, Spliten. Ondoren, Varese eta Cedevita junior taldeetatik igaro zen, eta 2015ean Zagrebeko taldeko lehen entrenatzaile izendatu zuten. Talde kroaziarra 2016ko Euroligarako sailkatu zuen, eta Kroaziako Liga eta Kopa irabazi zituen 2016an eta 2017an. Gainera, Cedevitarekin Liga Adriatikoaren finalaurrekoetara iritsi zen 2016an eta finalera 2017an, Izar Gorriaren aurka galduz.