NAIZ
IRUÑEA

Nafarroarentzat aurrekontu «burujabe, sozial eta parte hartzaileak» aldarrikatu dituzte

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta Parlamentu Sozialak deituta, Nafarroako Gobernuaren aurrekontuek «aldaketa sozialean ez dutela sakontzen» azpimarratzeko ekitaldia eta manifestazioa egin dituzte Iruñean.

Aurrekontu «burujabe, sozial eta parte hartzaileen» aldeko ekitaldia, Labriten. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Aurrekontu «burujabe, sozial eta parte hartzaileen» aldeko ekitaldia, Labriten. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Aurrekontu «burujabe, sozial eta partehartzaileen» aldeko ekitaldia egin dute gaur Iruñeko Labrit pilotalekuan Eskubide Sozialen Karta eta Parlamentu Soziala osatzen duten eragile sozial, politiko eta sindikalek.

Besteak beste, ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiek, Adolfo Muñozek eta Garbiñe Aranburuk, hartu dute hitza eta adierazi dute aurrekontuok «ez datozela bat» Eskubide Sozialen Kartak eta Parlamentu Sozialak aldarrikatzen duten aldaketa sozialarekin, «ez eta Nafarroako gizarteak espero duenarekin».

Batetik, salatu dute ez dela «zor publikoa zalantzan jartzen». 2018an, zehaztu dutenez, 332,7 milioi euro ordainduko dira, horietatik 171 «zor ilegitimoa direlarik».

Bestetik, Hitzarmen Ekonomikoa ere zalantzan jartzen ez duela arbuiatu dute: «Ezin dugu ahaztu bere oinarria sistema perbertso eta erabat opakua dela: 2018an 541 milioi ordainduko ditugu, Nafarroako Gobernuaren beraren txosten teknikoek adierazten dutena baino askoz gehiago».

Gainera, «iraganeko politikak» mantentzen direla uste dute: «Abiadura Hnadiko Trena tren publiko eta sozialaren ordez, Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak hor dirau, baita kontratazio publikoetan klausula sozialak sartzeko aukeraren ukapena edo oraindik bultzatzeke dagoen sektore publikoan negoziazio kolektiboaren egoera».

2015ean «erregimena instituzioetatik botata» eman zen aldaketa politikoa «sekulako aurrera urratsa izan zen», Garbiñe Aranbururen esanetan, eta «demokratizazioan asko aurreratu» dela gaineratu du. Hala ere, aldaketa soziala «motz» geratu delakoan dago LABeko buruzagia.

«Motz lan harremanetan eta eredu sozioekonomikoan, Nafarroako Gobernuaren politika ekonomikoak ez du aldaketa handirik ekarri langileontzat», azaldu du.

LABeko idazkari nagusiaren ustez, bi izan dira muga nagusiak: burujabetzarik eza eta Geroa Bairen gobernuaren politika ekonomiko eta sozialaren mugak. «Etengabe CEN patronalarekin aurrez aurre jartzea ekidin dute Ayerdi jaunaren politikek». 

Horrez gain, azken urteotan maila orokorrean izan den «inboluzio politiko eta soziala» aipatu ditu, Konstituzio espainiarraren 135 eta 155. artikuluen harira, «burujabetza mugatzeko neurriak» direla azpimarratuz.

Hori dela-eta, aipatu eragileek ezinbestekotzat jo dute erabakitzeko eskubidea, Nafarroaren eredu sozial eta ekonomikoa bertan erabaki daitezen.

Labriteko ekitaldia bukatuta, Parlamentura arte joan den manifestazioa egin dute.