Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, ekitaldi instituzionala egin dute igande eguerdi honetan Gasteizko Europa jauregian. Bertan izan dira, besteak beste, EAEko erakundeetako ordezkariak euskara munduko aurpegi ezagunekin batera.
Hitza hartu duenetako bat izan da Iñigo Urkullu lehendakaria. Lehen erreferentzia Euskararen Egunari berari egin dio, esanez 68an lehenengo aldiz ospatu zenetik aldaketa «adierazgarria» bizi izan duela: «Ordutik, euskararen egoera bera ere guztiz aldatu da, azken hiru hamarkadetan batez ere».
223.000 hiztun berri lortu ditu euskarak azken hiru hamarkadetan Urkulluren arabera, eta hizkuntza erabiltzen dutenen profila gaztetu egin da. «Aldaketa nabarmena eman da. Gure ‘hizkuntza zaharra’ garai berrietara egokitu da».
Aldaketa honen arrazoiaren zergatia jende askoren ahalegina izan dela nabarmendu du: «Ilusioa sentitzen dugu iraganera so egitean, baita etorkizunera begiratzean ere». Baina aldarrikatu nahi izan du ere erakundeetatik egin den lana. Gainera, adierazi du euskararekiko pertzepzioa hobea dela egun iraganean baino: «Euskarak prestigioa irabazi du».
Aurrera begira, baina, globalizazio garaiak errazak izango ez direla esan du, euskarak haizea beti alde ez duela izango gaineratuz: «Horregatik egin behar dugu guztiok arraun norabide berean, eta guztiok batera. Aurrera egin nahi badugu, batzuetan korrontearen aurka ere egin beharko dugu».
Azken bultzada, baina, ohitura linguistikoen aldaketak emango dio euskarari, «inertziak apurtzeak», lehendakariaren arabera. «Ospatu dezagun Euskararen eguna, baita urteko 365 egunetan ere».