NAIZ
GASTEIZ

2020 urtean 788.000 euskal hiztun izatea du helburu Lakuak

Lakuak ‘2017-2020 Euskararen Agenda Estrategikoa’ onartu du eta honen bitartez 2020 urtean EAEn 788.000 euskal hiztun izatera heltzea du jomuuga. Era berean, hiru urte barru 25 urtetik beherakoen artean %75a euskalduna izatea nahi du Bingen Zupiria sailburuak azaldu duenez.

Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Lakuako Gobernuak gaur onartu du ‘2017-2020 Euskararen Agenda Estrategikoa’, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak azaldu duenez. Helburua euskararen ezagutza hedatzea da eta, adierazi dutenez, gazteengan jarriko dute indar berezia, 2020an 25 urtetik azpikoen %75a euskalduna izatea dute jomuga-eta.

Bide beretik, 2020an 788.100 herritar euskaraz komunikatzeko gai izatea bilatuko du proiektuak. Eta gai izateaz gain, erabilera eta kalitatea hobetu nahi ditu. Zentzu horretan etxeko erabilera %21etik igotzea eta lagun giroan %23an kokatzea du helburu.

Hezkuntzan Lehen Hezkuntzako 4. mailan %61,4ak eta DBH 2. mailan %44.7ak erabiltzea bilatuko dute. Lan munduan, bestetik, gizartearen %28ak lankideekin euskara erabiltzea markatu dute helburutzat. Administrazioko zerbitzuetan, aldiz, gizartearen %100ari euskarako zerbitzua eskaini nahi diote agenda honen amaieran.

Sare sozialetara begira ere jarri dira eta bertan euskararen erabilera %19,5era iristea dute jomuga.

Lan-talde berezi batek egingo du agendaren jarraipena. Gutxienez, urtero elkartuko da aurreko urteko helburuak nola bete diren aztertu asmoz eta martxan jarri beharreko erronkei nola aurre egin erabakitzeko. Konpromiso bakoitzaren betearazpena aztertuko da.