«Pozik nago; nik ere gauza asko irabazi ditut»
Bere bosgarren finalean iritsi da lehen aldiz buruz burukora eta bera da aurtengo txapeldunordea. Poza eta nekea aldean, lurra hartu baino, lurra jo behar duela sentitzen du.
Nola esnatu zara?
Pozik nago. Baina lo oso gutxi egiten da finalaren ondorenean. Burua azeleratuta egoten da, euforia hor dago eta kostatu egiten da deskantsua hartzea. Behin euforia desagertzen hasten denean, nekea agertzen da. Lurra jo eta lurra hartu behar dudala sentitzen dut.
Buruz burukorako zure izena entzutean, harrituta agertu zinen.
Txukun aritu izanaren sentsazioa neukan, puntaren puntara iritsi gabe, baina txukun. Ez nuen pentsatu ere egin sartu behar nuen edo ez. Eseri nintzen pentsatuz saio ona egiten ari ginela eta ez nintzen kontziente emaitzen momentua etorri zela. Alfabetikoki esango zutela aipatzean eta lehen tokian Maialenen izena entzutean, orduan konturatu nintzen Sarriegi edo ni izan gintezkeela. Nire izena entzutean sekulako poza sentitu nuen.
Hunkitu egin zinen.
Bai, gauza asko elkartu ziren. Justu final honetan, Unai hor zegoela, Maialenekin, Juanjo Uria ikusten genuen jende artean...
Buruz burukoa gozatu egiten al da?
Neurri batean bai. Behin horra iritsita, txarrenera bigarren izango zara eta hori asko da. Egia da kantatzeko oso azkarra dela, hasterako bukatu da, ez dago-eta beste kiderik. Continuum bat da. Konturatzerako bakarkakoa egin behar duzu eta ja bukatu da. Azelerazio sentsazio bat bai izan nuen.
Egia da oso bizi aritu zinetela buruz burukoan.
Bai, konturatu nintzen. Maialen ere topera zegoen eta bata besteari segituko genion konfiantzan, oso azkar joan zen. Normalean Maialen izaten da niri lasaixeago aritzeko esaten didana, baina buruz burukoan biak ibili ginen azkar.
Ordurako txapela Maialenen buruan ikusten zuen askok. Eta, zuk?
Ez nintzen asko jabetzen puntuazioak nola zeuden, baina banekien Maialen goiz-goizetik oso goitik aritu zela eta pentsatzen nuen normalean Maialenek jantziko zuela. Baina hori guztia lana bukatu eta gero pentsatu nuen. Lanean ari ginenean, horretan bakarrik nuen burua.
Txapelketa honetako irabazleetako bat zara.
Bai, zalantzarik gabe. Txapel bat banatzen da, baina irabazleak bat baino gehiago izaten dira. Txapelketa honetan horrela izan da eta baita finalean ere. Irabazle asko izan dira; Unai Agirre, Aitor Sarriegi... eta nik ere gauza asko irabazi ditut. Oso pozik nago utzi dudanarekin. Gainera, jendea oso gertu sumatu dut. Hasieratik sentitzen nuen jendea oso gozo zegoela, bai nirekin eta bai besteekin. Oso momentu ederra izan zen, egia esan.