NAIZ

«Bat, bi eta hiru. Eskuak indartsu hartu eta ieup! gora! aska dezagun motxiladun umeen zama»

Urtarrilaren 13an Bilbon euskal presoen alde egingo den mobilizaziorako osatutako iruditegiaren making of-a zabaldu du Sarek.

Bilbon euskal presoen alde egingo den mobilizaziorako prestatutako irudiaren making of-a zabaldu du Sarek. Bertan, neskato bat ageri da, motxila jantzita, eta bi emakumeren artean oratu eta aireratzen saiatzen dira. Jolasetik asko duen ariketak esangura handia du, izan ere, eskuetatik eutsiz pisua banatu eta umea zamatik libratu nahi dute.

Egun 113 haurrek eta nerabek dute gurasoren bat preso eta adingabeko hauek bizi dituzten gora beherak jendarteratzen dabil Sare azken hileotan. Euskal presoen sakabanaketa eta urruntze politikak zuzen zuzenean eragiten die egunorokoan, izan ere, euren gurasoa ikusi ahal izateko, ehunka kilometro egin eta gaua autoan, trenean edo bestelako garraiobideetan pasatu behar izaten dute maiz.

Sarek aurkeztutako azken datuen arabera, 102 haurrek aita edo ama dute preso; bederatzik, bi gurasoak dituzte espetxean; eta beste bi haur amarekin bizi dira kartzelan; Picassenten den Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster presoen alaba eta Sara Majarenasen alaba, Madrilgo zentro batean.

Gurasoren bat espetxean duten haurrei buruz aritzeko «motxiladun umeak» terminoari erreferentzia egiten dio Sarek, aurten estreinatu den presoen seme-alabei buruzko ‘Motxilaren umea’ filmari jarraiki. Azaroan gurasoak espetxean dituzten umeen errealitatea bistatzeko xedez 'Motxilak gora!' abestia eta bideoklipa grabatu zuen Sarek. Hala, bideoklipean motxiladun ume, nerabe eta gazteak dira protagonistak.