NAIZ
DONOSTIA

Felipe Borboikoa «berriro Estatuko sektore atzerakoienen gidaritzan» kokatu dela salatu du EH Bilduk

Kataluniako egoeraren harira urrian emandako mezuak irekitako bidean «atzera egin ordez», Felipe Borboikoak «berriro ere Kataluniako herriaren eskubideak ukatzearen alde» egin duela salatu du EH Bilduk. «Estatuko sektore atzerakoienen gidaritzan kokatu da berriro», nabarmendu du Marian Beitialarrangoitiak.

Marian Beitialarrangotia, Kongresuan, artxiboko irudi batean. (J. DANAE/ARGAZKI PRESS)
Marian Beitialarrangotia, Kongresuan, artxiboko irudi batean. (J. DANAE/ARGAZKI PRESS)

«Ezer gutxi» espero zuen EH Bilduk Felipe Borboikoa errege espainiarrak bart emandako diskurtsotik eta, behin hark esandakoak entzunda, «beste behin, herritarren arazoei aurre egiteko soluziorik eman ez duela» azpimarratu du Marian Beitialarrangoitia diputatu abertzaleak, komunikabideei Hernanitik egindako adierazpenetan.

Ondorioz, Euskal Herriko bizilagunek dituzten «kezka eta arazoei» ere erantzun ez ziela esan du.

Gogoratu duenez, Kataluniako egoeraren harira joan den urrian egindako diskurtsoan –zeinean Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzeari babesa adierazi zion–, errege espainiarrak «bloke erreakzionarioenaren buru bezala» kokatu zuen bere burua. «Alegia, Estatu espainolean behartuta bizi garen herrion eskubide sozial eta nazionalak murriztearen alde egiten duen bloke baten buru kokatu zuen bere burua».

Atzoko mezuan, Kataluniako hauteskundeetako emaitzak ikusirik, «okerrak zuzentzeko bidea egin ordez», berriro ere bertako herritarren «eskubideak ukatzearen alde» egin duela azaldu du Beitialarrangoitiak, ondorioz Euskal Herriaren eskubideak ukatzearen alde agertu dela nabarmenduta.

Hala, diputatu abertzalearen aburuz, Felipe VI.ak «nolabait ere Estatua dena» eta «guri ere edozein momentutan etor dakigukeena» irudikatzen du: «155 artikulua, eskubideen murrizketa, herri bezala ditugun eskubide sozial eta nazionalen ukazioa…».

Honen aurrean, EH Bilduk uste du «premiazkoa» dela Euskal Herrian «gehiengo demokratiko bat» osatzea, «herri bezala dagozkigun eskubide zibil eta politikoak defendatuko dituena eta euskal errepublika eraikitzeko bidean urratsak emateko oinarriak jarriko dituena».