NAIZ

Iñigo Gulina burlatarra Soto del Realen espetxeratu dute, Alemaniatik estraditatu ostean

Iñigo Gulina euskal preso politikoa espetxeratu egin dute Soto del Realen, Alemaniatik estraditatua izan ondoren, Etxeratek jakinarazi duenez. Burlatarra Mikel Barriosekin batera atxilotu zuten joan den urriaren 27an.

Manifestazioa Burlatan Gulina eta Barriosen askatasuna eskatzeko.
Manifestazioa Burlatan Gulina eta Barriosen askatasuna eskatzeko.

Etxeratek Twitter bidez jakinarazi duenez, Iñigo Gulina Soto del Realeko espetxean sartu dute Alemaniatik estraditatua izan ondoren.

Gulina, burlatarra, joan den urriaren 27an atxilotu zuten Berlinen Mikel Barrios iruindarrarekin batera eta biak kartzeleratu egin zituzten.

Espaniar eta frantziar estatuek bi gazte nafarren aurkako euroagindu eskaerak egin zituzten eta abenduaren 13an Berlingo Auzitegi Gorenak Barrios Estatu frantsesera estraditatzeari argi berdea eman zion. 

2007an atxilotua lehen aldiz, torturak salatu zituen

Gulina 2007an atzeman zuen lehen aldiz Guardia Zibilak eta inkomunikatuta eduki zuten bitartean torturatu egin zutela salatu zuen. Hainbat hilabete kartzelan egin ondoren aske geratu zen eta ez zen aurkeztu gerora Auzitegi Nazionalean egin zen epaiketara. Kale borrokako ekintzetan parte hartzea leporatzen diote burlatarrari.

Berlinen preso eduki dituzten bitartean hainbat mobilizazio egin dituzte bi gazte nafarren askatasuna aldarrikatzeko, hala nola kontzentrazioak, hitzaldiak eta elkartasun bazkaria.