Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

30 hautetsik errefuxiatuen aldeko gutuna igorri diote Macroni

Baionako aterpetxetik Pauera bidali zituzten 21 lagunek agur hunkigarria jaso zuten, iragan astean, tren geltokian. 30 hautetsik frantses presidenteari galdegin diote errefuxiatu horiei asilo eskaera aurkezteko eskubidea bermatzea.

Baionako tren geltokian emozioz beteriko uneak bizi izan ziren, iragan abenduaren 19an. Azkeneko hiru hilabeteetan Lapurdiko hiriburuan antolaturiko zentroan atseden hartzeko parada izan zuten 25 iheslarietatik 21 Pauerat lekualdatu zituzten egun horretan.

Etorkinekin elkarteak eginiko deialdiari erantzunez, herritar anitz tren geltokira hurbildu ziren iheslariei agurra emateko. Era berean, Bruselak zein Parisko agintariek errefuxiatuen aurka ezarritako politikak salatu zituzten. Hain zuzen ere, Dublin III protokoloari jarraikiz aipaturiko 21 errefuxiatuak Italiara eramateko arriskuan zirela oroitarazi zuen elkarteak.

Italiatik sartu zirenez Europar Batasunaren eremuan, herrialde horretan behar dute asilo eskaera aurkeztu. Baina Italian milaka errefuxiatu blokeatuta daudenez, oso litekeena da 21 herritar horiek aurki Libiarantz kanporatuak izatea.

Iheslarien lekualdaketa gauzatu aitzin, Euskal Elkargoko kontseiluaren bilera baliatu zuen Etorkinekin elkarteak euskal hautetsiei engaiamendua eskatzeko. Elkargoak eremu horretan eskumenik ez badu ere, aferaren larritasuna aintzat hartuta urrats bat egitea eskatu zien elkarteak hautetsiei. Oraingoan jakitera eman duenez, 30 elkargoko kidek gutun bat idatzi zioten frantses presidenteari, pertsona horien egoeraren aurrean beraien arrangura agertuz eta, bide batez, 21 iheslari horiei asilo eskubidea bermatzeko engaiamendua eskatuz agintariari.

Hain zuzen ere, herritar horiek ez dutela Italiara itzuli nahi, bertatik jatorrizko herrialdera, Sudanera, kanporatuak izateko arrisku handia dutelako azaldu zioten Emmanuel Macroni euskal hautetsiek. Are, Bordeleko epaitegiak Italian bizi den krisia aintzat hartuz eman zuen ebazpenean oinarritu ziren hautetsiak Macroni hilaren 16n igorri zioten eskutitzean, 21 errefuxiatu horiek asilo eskaera frantses Estatuan aurkezteko duten eskubidea bermatu dezan.