NAIZ

Oposizioko indarrek gogor kritikatu dute Urkulluren urte amaierako mezua

EH Bilduren arabera Urkulluren mezua «ez dator bat» bere gobernuak egunez-egun egiten dituen politikekin, Elkarrekin Podemosek fantasiako oasi batean bizitzea leporatu dio eta PPk autokonplazentzia egotzi dio; PSE gobernukideak, berriz, lehendakariak esandakoaren haritik hitz egin du.

Iker Casanova, artxiboko argazki batean. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Iker Casanova, artxiboko argazki batean. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

EH Bilduren iritziz, «tranpatia» da kalitatezko enplegua aldarrikatzea eta alde berean sektore publikoan prekaritatea areagotzea, gizarte babes sistema defendatzea baina prestazioak murriztea, autogobernuaren aldeko apustua egitea eta «etsaiarekin» gobernatzea.

Hala iritzi dio Iker Casanova koalizioaren legebiltzarkideak Iñigo Urkullu lehendakariaren urte amaierako mezuaz galdetuta. Haren esanetan, eta Lakuako Gobernuak «asmo onak» baditu ere, hauek ez datoz bat egunez-egun egiten dutenarekin: «Kontraesana oso nabaria da».

Antzeko iritzia plazaratu du Elkarrekin Podemosek ere. Andeka Larrea alderdiaren eledunak adierazi du lehendakariarenak «funtsik gabeko hitzak» izan direla, eta egotzi dio fantasiako oasi batean bizitzea, «hitz politez lepo, baina konpromiso errealik gabe». Autokritikarik egin ez izana ere leporatu dio Larreak lehendakariari.

Gogor mintzatu dira PPko kideak ere, Amaya Fernandez idazkari nagusiaren ahotik. Honek «autokonplazentzia» ikusi du Urkulluren hitzartzean: «Garbi dago [Urkulluren mezua] datuen errealitatetik oso urrun egon dela, kaleko errealitatetik eta euskaldunek dituzten benetako arazoetatik». Zentzu horretan, hazkundea eta egonkortasuna «soilik» espiritu kritikoa izatetik etorriko direla adierazi du.

Bestelako tonu bat erabili dute gobernukide duten PSEko kideek. Jose Antonio Pastor eledunak egin ditu adierazpenak, eta esan du 2018an akordioak egiten jarraituko dutela, «euskaldunen egoera ekonomikoa hobetze aldera». Urkulluk esandakoen haritik, «enplegua eta kalitatezko zerbitzu publikoak» izango dira PSEko kideen helburu nagusiak.