NAIZ

Euskalduna jauregian greban dauden langileak legez kanpo ordezkatzeagatik salaketa

ELA sindikatuak prentsa ohar batean jakinarazi duenez, Euskalduna jauregian greban dauden langileak legez kanpo ordezkatzeagatik salaketa jarri dute Lan Ikuskaritzan. Madrildik etorritako autonomoak ari direla grebalarien ohiko lanak egiten salatu dute.

Eulen enpresaren Langile Batzordeak, Bilboko Euskalduna jauregiko zerbitzu ezberdinen adjudikazioduna, salaketa berri bat jarri du Lan Ikuskaritzan abenduaren 28az geroztik greba mugagabean dauden langileen legez kanpoko ordezkatzeagatik.

Salaketak jasotzen duenez, Madrildik etorritako autonomoak ari dira grebalarien ohiko lanak egiten.

Guztira 45 dira Eulen enpresak kontratatuta Euskalduna jauregian diharduten langileak. Oro har, aretoen muntaia eta desmuntaiaz, laguntza teknikoa eskaintzeaz, atezainen laguntzaile izateaz, bisitariak kokatzeaz, arropategiaz, ekitaldiak koordinatzeaz eta leihatilan egoteaz arduratzen dira.

Salatzen dutenez, zuzenean kontratatutako langile horien lan bera egin arren euren lan-baldintzak askoz ere kaxkarragoak dira eta horregatik greba mugagabea deitzea beste aukerarik ez dute izan.

ELA sindikatuak bidalitako oharrean salatzen dutenez, Euskalduna jauregiko zuzendaritzak ez du erabaki hau errespetatzen, eta ahal duen guztia egiten ari grebak ohiko programazioan eraginik izan ez dezan.

Euskaldunan azpikontratatutako langileak «helburu argi batekin» antolatu direla azaldu zuten grebaren berri ematerakoan, hain zuzen, Euleni «lan baldintza duinak bermatu ditzala exijitzeko».