Aurtengoa urte borobila da Gasteizen, izan ere, autogestiotik eta elkartasunetik eraikitako Hala Bedik, Gasteizko Gaztetxeak, Auzolana Pilotalekuak eta Errekaleor Bizirik-ek urtemuga borobilak ospatuko dituzte hurrengo hilabeteetan.
35 urte beteko dira Hala Bedik uhinetara salto egin zuenetik. 1988an Muinoko etxeko ateak parez pare ireki zituen eta bi hamarkada beranduago, auzotik eta auzoarentzat berreskuratu zuten Auzolana pilotalekua. 2013an hasi zuen Errekaleor Bizirik-ek bere bidea.
Urtemugak ospatzeko ‘Okupatu Gasteiz’ dinamika aurkeztu dute Errekaleorreko bizilagunek, Muinoko Etxeko gaztetxeroek, Auzolana Pilotalekuko Txapa Ahotsako kideek eta Arabako irrati libreko halabeditarrek. Dinamikaren mugarri nagusia urriaren 6a izango da, orduan ‘OkupaTU Gasteiz Eguna’ ospatuko dute-eta.
«Errekaleorreko bizilagunak gara. Muinoko Etxeko asanbladetako gaztetxeroak gara. Auzolana Pilotalekua kudeatzen duen Txapa Ahotsa asanbladako kideak gara. Uhinak modu askean erabiltzen ditugun halabeditarrak gara. OkupaTU Gasteiz gara», diote zabaldutako oharrean. Baina, zein da eragile hauek ‘okupatu’ hitzari eman dioten esanahia? «Espazio hutsak, uhinak, frontoiak, plazak, eszenatokiak… okupatu nahi ditugu autogestioa oinarri».
Eragile hauek autogestioa «bizitzen jabe izateko» ulertzen dute. «Gorputzak autogestionatu nahi ditugu feminismoa lehen lerroan jarriz. Elikadura autogestionatu nahi dugu, elikadura burujabetza praktikara eramanez. Lurra autogestionatu nahi dugu, ekologismoak zentralitatea hartuz. Hainbeste gauza nahi ditugu… Utopikoak gara? Akaso; baina pozik bizi gara ametsetan. Eta amets egiten jarraitu nahi dugu», azaldu dute.
Apirilaren 28an, 30 urte beteko dira Gasteizko Gaztetxea okupatu zutenetik. Ekainean, aldiz, 10 urte beteko dira Auzolana pilotalekua berreskuratu zutenetik. Abuztuaren 6an, 35 urte beteko dira bi zorok, walkie-talkien bitartez Hala Bedi martxan jarri zutenetik. Eta iraila amaieran, Errekaleor Bizirik! proiektuak 5 urte beteko ditu.
Data hauetan, eragile bakoitzak bere urteurrena ospatuko duen arren, herri mugimenduaren espresio ezberdinak bildu dira OkupaTU Gasteiz dinamikaren baitan eta elkarrekin ospatuko dute ere urte borobil hau.