NAIZ

EAEko Auzitegi Nagusiak Euskararen Normalizazio planaren inguruko helegitea atzera bota du

Euskararen Normalizazio planaren aurkako epaiari jarritako helegitea atzera bota du EAEko Auzitegi Nagusiak. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak eta EH Bilduk gogor kritikatu dute erabakia.

EAEko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzi Aretoak 2017ko maiatzaren 29an foru erakundearen normalizazio planaren aurka emandako epaiari kasazio helegitea jarri zion joan den ekainean Gipuzkoako Foru Aldundiak eta kasazio helegitea atzera bota du orain auzitegiak

Epaiarekin «desadostasun irmoa» azaldu du gaur Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek. Auzitegi Nagusiak artikulu horiek baliogabetzeko emandako argudioek ez dutela «inolaz ere Foru Aldundiko hizkuntza politikaren funtsezko irizpideen aurka egiten» adierazi du. «Gehienetan arrazoi teknikoen edo idazketaren interpretazio murriztaile bati heltzen dio auzitegiak. Gainera, Euskara Plana 2017arekin batera amaitu denez, epaiaren eragina oso mugatua izango da. Datorren plangintzaldia (2018-2022) eta dagokion araubidea lantzen ari gara dagoeneko eta auzitan jarritako puntuak zorrotz landuko ditugu, berriro ere antzeko egoerarik sor ez dadin», gaineratu du Mendizabalek.

Salatu duenez, «baliogabetzen diren artikulu guztien kasuan, administrazioarekin harremanak gaztelaniaz izan nahi dituen herritarraren eskubideak ikusi ditu arriskuan auzitegiak». «Baliogabetzen diren artikuluen kasuan egin behar diren egokitzapen teknikoak eginda, Aldundiak hizkuntza berdintasunaren aldeko politikak garatzen jarraituko du, orain arteko ikusmolde eta hedadura berarekin», berretsi du Mendizabalek.

EH Bilduk «oso larritzat» jo du «espainiar Gobernuaren esku hartzea»

EH Bilduk ere gogor kritikatu du helegitea atzera bota izana. «Oso larria da espainiar Gobernuak, kanpo esku hartzearen bitartez, euskal politika judizializatzea eta erakunde legitimoak bultzatzen ari diren hizkuntza politikan eragin nahi izatea».

Honen aurreran, euskarak «bultzada» behar duela adierazi dut koalizioak. «Eta euskara normalizatu nahi bada, herritarren, eragileen eta instituzioen arteko elkarlana behar beharrezkoa da».

Kontseilua: «Euskaldunon hizkuntza-eskubideen kaltetan doan epaia»

Kontseiluaren iritziz, «euskaldunon hizkuntza-eskubideen kaltetan doan epaia eman du EAEko Epaitegi Nagusiak. Gaur egungo mendekotasun egoera gainditu eta euskarazko jarduera hobesteko neurri orekatzaileak bertan behera utzi ditu epaiak».

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren esanetan, «beste behin, Espainiar Estatuak erabaki nahi du zein hizkuntza erabili behar dugun eta zein hizkuntzatan bizi behar dugun, eta hori onartezina da».

Kontseiluak azpimarratu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren euskara planak «hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurriak jasotzen dituela eta horiek atzera botatzeak, hizkuntza-eskubideen urraketak betikotu egingo dituela».