Bilboko Udalak Txurdinaga eta Santutxu lotzen dituen zubia estali du eta segurtasuna hobetzeaz gain, argi gehiago jarri ditu. Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; Ricardo Barkala, Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren zinegotzi ordezkaria eta beste udalkide batzuk Txurdinaga eta Santutxu lotzen dituen zubira hurbildu dira, bertatik bertara ikusteko egin diren lanak.
Markesinak eguraldi txarretik babestuko ditu oinezkoak eta alboko panelak segurtasun handiagoa emango die. Txurdinagako zubiko espaloian baldosa berriak jarri dira eta horrek, zalantza barik, irisgarritasuna ere hobetu eta zerbitzu hobea emango die inguru horietako bizilagunei. Markesina ipar aldera dagoen espaloian jarri da.
Argi berriak ere jarri dituzte zubian, LED motakoak. Hobekuntza horiek, zubiaren segurtasuna hobetuko dute eta ondorioz, oinezkoentzako igarobide seguruagoa izango da. Hiru hilabetetan egin da obra, 349.919,34 euro inguruko kostua izan duena
Proiektu hau auzoen hobekuntzarako 2016-2019 Auzokide Planaren barruan dago.
Aburtok, zubira egindako bisitan nabarmendu nahi izan duenez «Bilboko auzoetan inbertsioak egiten jarraitzen dugu. Lan hauekin Txurdinaga eta Santutxu lotuago daude oraindik. Gure ardura dira bizilagunen segurtasuna, bizimoduaren kalitatea eta erosotasuna. Horixe da haiek eskatzen digutena, horixe adosten dugu barrutietako kontseiluetan eta horregatik garrantzitsutzat jotzen dugu».