@gara_miantzi
BARTZELONA

Plazak gogoz ospatu du Roger Torrent Mahaiko presidente izendatzea

Kataluniako Parlamentuaren barrenean bakarrik ez, kanpoan ere bazegoen notizia. Goizean goiz hasi dira lehen elkarretaratzeak eraikinaren inguruan. Jendeak haizetan dantzatzera atera ditu esteladak, eta horiz margotu ditu kaleak: bufandak, zintak, lazoak... Berez Parlamentuaren ondoko plazan zuen deitua ANCk elkarretaratzea, instituzioaren mahaiaren osaketa jarraitzeko, baina azkenean ez diete utzi han biltzen eta Lluis Companys pasealekuan, hil zuten presidentearen eskulturaren ondoan elkartu dira hainbat eta hainbat herritar, ordutegiagatik, aitatxi eta amatxi aunitz, beren burua «Urtarrileko amonak» gisa izendatu dutenak.

Parlamentuaren kanpoaldean jende ugari bildu da, presoen askatasuna aldarrikatuz. (Pau BARRENA/AFP)
Parlamentuaren kanpoaldean jende ugari bildu da, presoen askatasuna aldarrikatuz. (Pau BARRENA/AFP)

Maria Dolores Prats da «Urtarrileko amatxi» horietako bat. Pantaila handiari begira-begira, lagunez inguratuta, lehenengo lerroan dago. Begira ikusi gaituenean, etortzeko eskatu eta berak jositako bufanda hori bat jarri digu lepoan. Kontatu digu independentista egin dela bera, inoiz ez zela izana baina ohartu zela Estatu espainiarrak ez zituela bere parte bezala hartzen eta garaitu eta garaileen diskurtsoa erabiltzen zuela. «Diktadura bat da hau, Francorena baino okerragoa, ziurtatu du. Dioenez, Urriaren 1ean hautesleku batean apoderatu gisa zegoenean eta erasoak ikusi zituenean erabaki zuen ez zela gehiago espainola izanen, «gorrotorik gabe», azpimarratu digu (elkarrizketatu guztiek gauza bera diote), baina erabakia hartua du.

Geroztik CDR-etan, Omniun Culturalen, ANCn... ahal duen mugimendu guztietan militatzen du, eta bufandak eta lazoak josi eta kalean oparitzen ditu.

Martí Santa Colona de Quelatetik etorritako aitatxi bat da. «Ni un pas anrera», baieztatu du (pauso bat ere ez gibelera). Bera beti izan da independentista. Carles Puigdemont katalanek demokratikoki aukeratutako presidenteak berriro bere postua har dezan saiatuko direla azaldu du, nahiz eta badakien Estatuak traba ugari jarriko dizkiela.

Monse, Gloria, Marisa eta Xavi barandillak zinta horiz apaintzen ari dira. Maresmatik datoz. Beren ustez, Puigdemont presidente izanen da berriz baina hala nahiko luketeen arren, ezingo du itzuli. Denek dute familia Estatu espainoleko hainbat puntutan; horregatik, nabarmendu dute, jendeak kontrakoa pentsatu arren, ez dutela gorroto arrastorik ere: «Kontrakoa». Baina beren bidea egin nahi dute. Luze azaldu digute bakoitzaren ibilbidea, zer sentitzen duten... Dena ongi azaltzeko gogo ikaragarria sumatzen zaie. Prentsa espainola irakurrita ezin dela ongi informatu eta nazioarteko prentsa irakurtzeko aholkua ematen diete Espainian barna dituzten senideei.

Batarekin eta bertzearekin solasean, hasi da Parlamentuko saioa pantaila handian. Jendea adi-adi. Botoa ematen hasi direnean, segituan nabaritzen da, txalo eta txistuengatik, zein duten gogoko eta zein ez. Ines Arrimadas azaltzen zen bakoitzean, adibidez, txistuka eta «fora!» oihuka hartu dute.

Mahaiko presidente izateko bi izenen artean egon da borroka, Jose Maria Espejo-Saavedra eta Roger Torrent, eta egin diren bi bozketetan, izen bat edo bertzea erraten zuten momentuan ontzat edo txartzat ematen zuten. Azkenean Torrent atera da garaile eta ederki ospatu dute, banderak astinduz eta «llibertat!» aldarrikatuz.