NAIZ

Ia 3 miloiko diru laguntza Josune Ariztondok zuzentzen duen Bilbao 700 fundazioari

Bilboko Udalak 7 miloi euroko diru laguntzak bideratuko ditu hirian kultura sustatzeko helburuarekin. Josune Ariztondok zuzentzen duen Bilbao 700 fundazioak ia 3 miloi euro jasoko ditu, BOS fundazioak 2,4 miloi euro, Berreginen museoa eta Euskal museoarentzat 960.000 euro eta BilbaoArtek 836.000 euro.

Josune Ariztondo eta Juan Mari Aburto 2016ko agerraldi batean. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)
Josune Ariztondo eta Juan Mari Aburto 2016ko agerraldi batean. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)

Bilboko Udalak, Gobernu Batzordearen bidez, hitzarmen bana sinatu du lau erakunderekin. Guztira, 7.068.350 euroko diru laguntzak bideratu ditu 2018an hirian antolatuko den kultur programazioa finantzatzeko.

Bilbao 700 eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa fundazioekin, Bilbao Bizkaia Museoak erakundearekin eta Bilbao Arterekin sinatu ditu Udalak hitzarmenak.

Udaletik azaldu dutenez, «Bilbo kulturaren hiria da, urteko 365 egunetako kalitateko proposamen anitza duena. Udalarentzat kulturak berebiziko garrantzia du uriaren orainaldirako eta etorkizunerako. Kultura uriarentzat garapen ekonomikorako tresna da, nazioarte mailan Bilbo kokatzeko baliagarria dena. Gainera, Bilboko gizartearen garapenean funtsezko osagarria da».

Diru laguntzarik handiena Josune Arioztondok zuzentzen duen Bilbao 700 fundazioak jasoko du ia 2,9 miloi eurorekin. Bilboren sorreraren 700. urtemuga ospatzeko sortu zen ekimena 2000n eta ekitaldiak eta jaialdiak antolatzen ditu. Gau Zuria eta Musika-Música jaialdia dira ekitaldi ezagunenak.

Bilbao Orkestra Sinfonikoa Fundazioak Bilboko Udaletik 2.431.558 euro jasoko ditu, 2018ko ekitaldiko programazioa burutzeko.

Udalak hitzarmen bat sinatu du ere Bilbao Bizkaia Museoak S.L. erakundearekin Berreginen museoaz eta Euskal museoaz arduratzen dena, 960.000 euroko diru aguntza jasoko du jarduerak egiten laguntzeko. 836.000 euro bideratu dituzte ere BilbaoArte Fundazioarentzat 2018ko mantentze gastuei eta inbertsioei aurre egiteko.