NAIZ

Malerrekako joare hotsak, inauteriei dei eginez

Ituren, Aurtitz eta Zubietatik joare soinuak datozkigu, inauteriak gain-gainean ditugula ohartarazten. Gure bazterrak umorez eta kolorez zipriztintzen hasiak dira aratuste goiztiarrenen eskutik.

Gaur Iturenen izango dira joaldunak.
Gaur Iturenen izango dira joaldunak.

Urtarrileko azken igandearen ostean, inauteriei ongietorria emanez joare hotsak datozkigu Malerrekatik. Ituren, Aurtitz eta Zubieta kolorez, umorez eta doinuez beteko dira egunotan. Ekitaldi nagusia joaldunek egindako desfileek osatzen dute: bata, gaur bertan, astelehenean. Eguerditik aitzina, Zubietako joaldunak ikusi eta entzun ahalko ditugu Iturengo karriketatik. Bihar berriz, asteartean, Iturengo joaldunek hartuko dituzte Zubietako kaleak zintzarriak astinduz.

Euskal Herriko toki gehienetan inauteriekin gozatzeko bi aste itxaron behar baditugu ere, gure herrian izan badira bestelako erritu koloretsu eta ederrak.

Atzo adibidez, ohiturari estu jarraituz, ilbeltzaren azken igandean karrozetara igo eta desfilea egin zuten Sunbillako herritarrek. Leitzan ere ihoteak ospatu dituzte eta gazteek herriko etxe eta baserrietan barna eskean ibiltzeko ohiturari ez zioten muzin egin.

Arantzan inauterien data ofizialei aurre hartuko diote beste behin ere eta Intxixuek eta Sorginek Oiartzungo herria hartuko dute datorren ostiralean.

Zuberoan ere, Inauteri giroan, maskaradak ospatzen ari dira. Lehen agerraldia pasa den urtarrilaren 8an izan zen Muskildin. Apirilaren 22ra arte Xiberoko hamabost herri bisitatuko dituzte parte hartzaileek. Ikusi Muskildiko maskaradaren ARGAZKI GALERIA.

Otsailaren 8a izanen da Euskal Herriko txoko gehientsuenetan parranda luzeari hasiera ematen dion Ostegun Gizena. Ordura arte, baina, bada non gozatua. Euskal Herriko inauterietako hitzordu garrantzitsuenak  NAIZ Agendak inauteriei eskaini dien atari berezian aurkituko dituzue.