NAIZ

Ibarbengoako parking-aren obrak aurrera doazen arren, geldiarazten saiatuko direla dio Tosu Betirako-k

Tosu Betirako plataformak prentsa ohar batean nabarmendu duenez, Ibarbengoako parking-aren eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute baina ez dute amorerik emateko asmorik eta geldiarazten saiatuko direla azpimarratu dute.

Tosuko landan burutzen ari diren obrak salatzeko mobilizazioa. (Aritz LOIOLA / ARGAZKI PRESS)
Tosuko landan burutzen ari diren obrak salatzeko mobilizazioa. (Aritz LOIOLA / ARGAZKI PRESS)

Komunikabideetara igorritako oharrean gogoratzen dutenez, «lau hilabete luze pasa dira Tosu lehenengo aldiz bortizki desalojatu zutenetik» eta Ibarbengoako parking-ari aurkakotasuna adierazi zioten «obrak geldituz eta landa berrokupatuz».

«Baina udal gobernuak, EAJak eta Imanol Landa alkateak bakarrik diruaren hotsari men egiten diote herritarron nahien kontra», kritikatu dute eta horren adibide bezala, urtarrilaren 26an hiru lagun epaitu zituztela gogoratu dute «Tosuren defentsan jarduteagatik».

Azaldu dutenez, «gaur egun obrak aurrera doaz, legearen arabera beharrezkoa den ingurugiro inpaktu txostenik gabe, noski, lur-azpian dauden akuifero galtzea ez baitzaie inporta udaletxean dauden agintariei».

«Dagoeneko landa osoa berriro hesitu dute bertan bizi zen laguna kanporatuz trikimailu zikinen bitartez eta herritarrei bidea galaraziz», gaineratu dute.

Aldi berean, parking-aren eraikuntza obrak auzokideei arazo ugari eragin dizkietela salatu dute. «Zarata, bideen mozketak (baimenik gabe), etxeek eduki dituzten hondamenak eta arrakalak, etab».

«Lehen komunean kudeatzen ziren lurrak orain, gehiago aberastuko den, Florentino Perezen zerbitzura daude», salatu du Tosu Betirako plataformak.

Ildo horretan, gogora ekarri dute «betidanik» salatu dutela «Ibarbengoako parking-a ez dela eraikuntza normal bat, Getxoren azken gune berdea urbanizatzeko aitzakia besterik ez da eta hori garbi ikusten da eman dituzten azkeneko pausuekin». «Trenbidearen beste aldean dauden baserri batzuen eraispena dagoeneko planifikatut dago», gaineratu dute.

Oharrean diotenez, Imanol Landa Getxoko alkateak «bakarrik daki espekulazioaren eta txikizioaren hurrengo pausua zein den, agian beharrezkoa ez den parke industrial berri bat edo hutsik geratuko diren etxebizitza gehiago».

Nabarmendu dutenez, ez dute «amorerik emango», «borrokan» jarraituko dute «alternatiba berriak sortuz, udaletxeak inposatu nahi digun proiektuak salatuz eta hauek geldiarazten. Argi utziz beraien poltsikoen gainetik herri guzti baten indarra eta nahia dagoela».