NAIZ

Tren sozial baten aldeko apostua berretsi du Sakanako EH Bilduk

EH Bilduk Sakanan dituen alkate eta zinegotziek AHTa arbuiatu eta tren sozial bat aldarrikatu dute, «eskualdea Iruñea, Gasteiz eta Donostiarekin era eroso eta eraginkor batean lotuko dituena». Herritarrak mobilizatzera deitu dituzte eta nafar Gobernuari alternatiba ezberdinak ikertu eta hauen artean hautatzeko prozedura demokratiko bat martxan jartzea eskatu diote.

EH Bilduk Sakanan dituen alkate eta zinegotzien agerraldia, tren sozialaren alde. (Sakanako Mankomunitatea)
EH Bilduk Sakanan dituen alkate eta zinegotzien agerraldia, tren sozialaren alde. (Sakanako Mankomunitatea)

Sakanako EH Bilduk prentsaurrekoa egin du gaur goizean, eskualdea zeharkatuko lukeen AHTren proiektua gaitzesteko. Bertan Arbizu, Etxarri Aranatz, Uharte Arakil, Irurtzun, Bakaiku, Iturmendi, Irañeta, Lakuntza eta Urdaingo alkateek eta Olazti eta Altsasuko hainbat zinegotzik hartu dute parte.

«Trenaren aldeko apustu argia» egiten dutela azpimarratu dute, baina ez AHTaren alde, baizik eta «egungo azpiegiturak eta baliabideak ahal den guztia aprobetxatuko lituzkeen tren sozialaren» alde. Proiektu honek «herritarren beharrei» erantzungo liekela azpimarratu dute. Horretarako, egungo baliabideak bikoiztu eta Sakanako geltokiak biziberritzea proposatzen du koalizioak.

Eskualdea «Iruñea, Gasteiz eta Donostiarekin era eroso eta eraginkor batean» lotuko dituen trena defendatu dute.

Aldiz, espainiar Gobernuaren proiektua «inposaketa» dela salatu dute eta «inongo justifikazio sozial edo ekonomikorik ez duena». Horren eredu azpimarratu dute martxan diren AHT ibilbide guztiak ez direla bideragarriak eta biztanleei ez liekela inongo onurarik ekarriko. «Kasu hoberenean biztanleen %9ak baino ez du erabiltzen AHTa. Argi dago elite batentzat dela».

Era berean, Sakanari ez diola inolako ekarpenik egiten iritzi dute, «kalte ikaragarria ez bada behintzat». Abeltzaintza, nekazaritza eta turismoa ahulduko dituela eta ingurumena kaltetuko duela ere adierazi dute.

Honela, proiektuaren parean herritarrak aurkituko dituztela azpimarratu dute. «AHTa ez da Sakanatik pasako, egitekotan Sakana gainetik pasako da». Herritar eta erakundeak alegazioak egitera animatu dituzte.

Bide horretan lanean jarraituko dute, tren sozialaren inguruko «alternatibak» ikertzeko lanak eskatuz. Nafar Gobernuari ere inplikazioa eskatu diote eta alternatiba guztiak ikertu eta hauen artean hautatzeko prozedura demokratiko bat martxan jartzea.