NAIZ

Farolin eta Zaranbolasen kontrako epaiketa plaza Barrian

Ostiral arratsaldean atxilotu eta 19.30etan epaituko dituzte plaza Barrian Bilboko Aratusteetako pertsonaia txireneak, Mikel Martinez aktorea eta La Basu rap kantaria, 2018ko Farolin eta Zaranbolas.

Mikel Martinez eta La Basu, 2018ko Farolin eta Zaranbolas.
Mikel Martinez eta La Basu, 2018ko Farolin eta Zaranbolas.

Farolin eta Zaranbolasek epaiketari egin beharko diote aurre, konpartsetako aktore amateurrekin batera. Plaza Barrian bildutakoek streaming bidez jarraitu ahal izango dute epaiketarainoko ibilbidea.

Mikel Martinez aktore eta ostalaria izango da 2018ko Farolin, «esparru publiko edo profesionalean izena lortu duen bilbotarra da – ez du zertan Bilbon jaiotakoa izan–, Bilboren izena ahotan erabili eta bilbotarra izatea azpimarratzen duen pertsonaia da, eta “Semper Plus Ultra”-k (Beti haratago) labur dezake bere ustea».

Zaranbolas aldiz, La Basu rap abeslari izango da «gibel-handi bat da, Bilboko hiritar tipikoa, ezerk edo inork bizitza aldatuko ez diona. Ondo bizitzea atsegin duena, Carpe Diemek laburtzen du bere bizi-lema». 

Bilboko konpartsek epaiketarainoko kalejiran parte hartzeko gonbitea luzatu dute. Ggoratu dutene bezala, 1984an Jai Batzorde Mistoko kideek Farolin eta Zaranbolas pertsonaiak asmatu zituzten Bilboko Aratusteetarako. Orduan ezarri zen lehenengoz Farolin eta Zaranbolasen epaiketa Bilbon, Aratuste tradizional eta baserri-girokoetan ohikoa zen urteroko pertsonaia gaiztoa epaitu eta zigortzearen eredua parodiatuz.

Bilbon gaiari kutsu txirenea ematea erabaki zen, zintzoaren eta gaiztoaren arteko dikotomia hautsi eta umore ukitua ezarriz, hiritarren izaera arketipikoaren bikoiztasun barregarria agerian uzteko.

Gaur egun, Farolin eta Zaranbolasen aurkako herri-auzia haien atxiloketarekin hasten da, udaletxean. Behin ziegatan sartuta, Fraisku, Momo, Hartza, Moja, Turko eta Higien kalejira batek bideratuko ditu plaza Barrira arte, bilbotarron irainak medio, ibilbidean zehar.

Aurten, plaza Barrian zain egongo diren herritarrek zuzenean ikusi ahal izango dute kalejira, bertako pantaila erraldoian. Bilbotar guztiak daude gonbidatuta aspaldiko Bilboko mozorro tradizionalak ere haien etxeetan presta ditzaten: Higi, Hartza, Fraisku, M omo, Monja eta Turko mozorroak, hain zuzen ere; eta Bariku Mehean, otsailaren 9an, mozorro horiek jantzita joan daitezen Farolin eta Zaranbolasi Plaza Barrian egingo dieten epaiketara.

Plaza Barrian daudela, epaiketari hasiera emango zaio. Konpartsakideak izango dira abokatu, fiskal eta lekukoen antzezlanetan ibiliko direnak. Haien defentsarako azalpenak emanda, auzi-aretoko ahots gorenak epaiaren berri emango du, eta Farolin eta Zaranbolas ziegetara itzuliko dira haien «Aratuste-zigorraren» zain.

Plaza Barritik Santiago plazara eramango dituzte protagonistak eta bertan, urkatokian daudela, herri auziari amaiera emango dion burla, trufa eta eskarnioa egingo dira. Hor bukatuko da epaiketa, eta, ondoren, aurtengo kopla txikien lehiaketako Hontzak talde irabazleak beste behin abestuko du aurtengo bere kopla txikia.