@gara_olarretxea
PASAI DONIBANE

Justizia eske, Estrasburgora jo dute Pasaiako segadan hildakoen senideek

Euren senideekin egin zuten «bidegabekeria» inpunitatean gera ez dadin, Pasaiako segadan hildakoen senideek auzia Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira eraman dutela iragarri dute. Hala, justizia egitearekin batera, amaiera eman nahi diote euren sufrimenduari, 34 urte eta gero.

Europarlamentarioak eta senideak, elkarrekin agerraldian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Europarlamentarioak eta senideak, elkarrekin agerraldian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Duela 34 urte gertatutako lau krimenak argitzeko hamaika saiakera egin dituzte senideek, baina antzuak izan dira guztiak. Ateak itxi zaizkie, ezezkoak jaso dituzte, frogak ukatu zaizkie… baina ez dute ordea amorerik eman. Pedro Mari Isart, Jose Mari Izura, Dioni Aizpuru eta Rafael Delasen senitartekoek Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira jo dute, hori dute azken aukera, ez dago instantzia garaiagorik. Helegitea aurkeztu dute kasua argitzea eskatzeko; onartuko den edo ez esperoan daude orain.

Pasai Donibanen eskainitako prentsaurrean mina dutela onartu dute, handia. «Gure sufrimendua gero eta handiagoa da, oso minduta gaude; baina ziur egon zaitezte gure lau senideekin egin zuten bidegabekeria hura inpunitatean gelditu ez dadin duintasunez lanean jarratuko dugula, ez dugu etsiko», adierazi dute. Hor kokatzen da azken saiakera hau. Erantzuna noiz helduko den ez dakite, hilabeteak pasa ei daitezke onartua izan den edo ez jakin arte; Estatu espainiarrak egin ditzakeen presioak ere aipatu dituzte. Orain arte kasua ez ikertzeko egin dituen saiakerak direla-eta, ez dira erabat itxaropentsuak agertu. Santiago Gonzalez eta Miguel Castells abokatuak egiten ari diren lan bikaina goraipatu nahi izan dute.

Europarlamentariak, bidelagun

Hiru europarlamentariren (Josu Juaristi, EH Bildu; Izaskun Bilbao, EAJ; eta Xabier Benito, Ahal Dugu-Podemos) babesa jaso dute erahildakoen senideek. Bertan, eta auzia artxibatua gertatu ostean, aurrera begirako neurrien berri eman dute. Auzia Europa mailan ezagutzera emateko asmoan kokatzen da elkarlana. Memoria Historikoaren baitan aurretik hiru alderdiek «harreman estuak» dituztela onartu du Izaskun Bilbaok, eta honek beste elkarlan bide bat irekitzen duela, dudarik gabe. Epaitegiak bere bide propioa eramango du eta Parlamentuak berea. Jardunaldiak, foroak edota eztabaidak ez dituzte baztertu.

Pasaiako lau krimenen inguruan dagoen dokumentazio sorta eta frogak «argiak» direla gogorarazi dute europarlamentariek, zalantzarik ez dagoela gertatu zenaren inguruan. Josu Juaristik dagoen «inpunitatea» salatu du: «Horrekin amaitu behar dugu». Bilbaok, bere aldetik, Estrasburgok Madrili eman dizkion «kokotekoak» oroitu ditu eta, akaso, honetan ere ez duela ezberdin jokatuko.

113 bala zulo

1984ko martxoaren 22an Polizia espainolak eta Guardia Zibilak elkarlanean egindako sarekadan hil zituzten Komando Autonomo Antikapitalistetako kide ziren Dioni Aizpuru, Rafael Delas, Pedro Mari Isart eta Jose Mari Izura. Joseba Merino izan zen erahil ez zuten bakarra; Rosa Jimeno ezta ere, egun batzuk lehenago tortura basatiak jasan zituen eta bera erabili zuten mehatxupean amu gisa Pasaiako sarraskia burutzeko, haiekin hitzordua lotzera derrigortuz. Guztira, 113 bala zulo zenbatu ziren lau gorputzetan. Merino 17 urte egon zen espetxean hilabete bat lehenago Enrique Casasen atentatuarekin zerikusia zuelakoan.