NAIZ,

Torturaren aurkako egunean, tortura sarean hizpide


Torturaren aurkako eguna baliatuz sareak torturaren kontrako mezuz josi dira. Arnaldo Otegik, adibidez,  Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelean sufritutakoa Twitterreko hari batean jaso du.

Euskal Herrian Torturaren aurkako eguna ospatzen da otsailaren 13an, izan ere, gaurko egunez orain dela 37 urte, 1981. urtean, Joxe Arregi zizurkildarra Polizia espainolak egindako torturen ondorioz hil zen.

Goizean goizetik presente izan dute eguna euskal herritar askok. Sortu alderdiak hiru spot zabaldu ditu sare sozialetan #MinakLuzeDirau traolarekin. Euskal Herrian azken hamarkadetan torturatutako lagunak «milaka» izan direla salatu eta iraganeko zauria itxi eta aurrera egiteko, aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak galdegin ditu.

EH Bilduko koordinatzaile nagusia den Arnaldo Otegik gaurko eguna baliatu du bere tortura testigantza Twitterren zabaltzeko. Zortzi txiotan azaldu du Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelean sufritutakoak.

Torturaren aurkako egunarekin bat eginik iritsi da, Igor Portu eta Mattin Sarasolaren tortura auziarengatik Giza Eskubideen Europako Epaitegiak Espainiako Estatuari ezarri dion zigorra. Torturaren aurkako Europako Konbentzioaren 3. artikulua urratu duela ebatzi dute eta kalte moralengatik 30.000 eta 20.000 euro eman beharko dizkie Espainiako Estatuak Portu eta Sarasolari.

Pozarren hartu du albistea haien abokatu Amaia Izkok.

Eta sarean asko dira albiste honi eta torturaren aurkako egunari erreparatu diotenak:

Aitzina eta Ernai gazte erakundeek ere gogoan izan dute torturaren aurkako eguna.

Tortura hizpide, komunikabideetan

Hala Bedik ere torturaren gaiari erreparatu nahi izan dio eta trailer honekin aurreratu du igandean torturari eskainiko dion dokumentala. “Tortura, zauri irekia” goiburua ipini dion erreportajean, tortura sufritu duten lau arabarren testigantzak bilduko dituzte psikologo baten laguntzarekin.

Hamaika telebistak ere saio berezia izango du gaur iluntzean. Bertan Iñaki Uria, Miren Azkarate, Eneko Compains eta Sandra Barrenetxearen testigantzak entzun ahalko dira, bai eta Amaia Izko abokatuaren eta Euskal Memoriako kide den Iñaki Egañaren adierazpenak ere.