Gasteiz-Iruñea eta Gasteiz-Burgos AHTaren proiektuak bertan behera uztea eskatu du EH Bilduk. Horren ordez, egungo tren korridorearen hobekuntza planteatzen du koalizioak, trenbidea zabalduz eta merkantzia-tren zein bidaiarien tren garraiorako sarea eguneratza proposatuz.
«Madrilek inposatu nahi dituen proiektuek ez dute inolako justifikaziorik ikuspuntu ekonomiko, sozial eta ingurumenetik ikusita», azaldu du EH Bilduko bozeramaileak Arabako Batzar Nagusietan, Kike Fernandez de Pinedok. Berarekin batera, Asparrengo alkatea, Txelo Auzmendi, Donemiliagako alkatea, David Lopez de Arbina eta Erribera Goiti eta Lantarongo EH Bilduko zinegotziak, Josepe Martioda eta Ana Belen Alonso, hurrenez hurren, egon dira.
AHTren Gasteiz-Iruñeako ardatzak 135 milioi euro gehiago balio du eta soilik 8 minutu aurreztuko dituela azpimarratu du Fernandez de Pinedok. «Inolako zalantzarik gabe inbertsioa ez dago justifikatuta», gehitu du.
Gaur egungo trenbidea erabiltzea planteatu du merkantzia eta bidaiaren trenak pasatzeko nazioarteko zabalean, hirugarren haria sartuz, ibilbideen abiadura hobetzeko. Aukera hori ez dela aztertu salatu dute.
Bi proiektu hauei helegiteak aurkeztu dizkio koalizioak. Bestalde, euren bizimoduan eta eremu kaltetuek izango duten onura eza aipatu dituzte. «Zentzu horretan, Arabako Ahaldun Nagusiak berak Arabako Errioxa zeharkatzen duen AHTren aurka erabili dituen argudio berdinak aipatuko ditut: Arabak ondorioak ordainduko dituela baina ez duela inolako onurarik jasoko. Hori bera aldarrikatzen dugu guk, gure udalerriei ez dielako zerbitzurik eskainiko. Horrekin guztiarekin agerikoa da EAJrentzan lehen eta bigarren mailako arabarrak daudela», esan du Txelo Auzmendik, Asparrengo alkateak.