NAIZ

Eraso matxista Bilboko San Adrian auzoan

Bilboko Udala osatzen duten talde politiko guztiek adierazpen instituzional bat onartu dute asteburu honetan San Adrian auzoan salatutako eraso matxista bat gaitzetsiz.

Bilboko Udalak ohar bat bidali du talde politiko guztien babesa daukan adierazpen instituzional bat ezagutarazteko. Udaletik nabarmentzen dutenez, «irmotasun osoz gaitzetsi eta bere samina agertu nahi du San Adrian izandako eraso matxistarengatik». Igandean gertatu zen erasoa eta gizonezko bat atxilotua izan da.

«Ekintza horrek osotasun fisiko eta moralaren kontrako erasoa izateaz gain, giza-eskubideen haustura larri eta jasanezina dakar berez» eta Bilboko Udalak «horrelako ekintzak arbuiatu eta ulertezintzat jotzen ditu». Gaineratzen dutenez, emakumeari eta gertukoei ere, «gure babesa helarazi gura diegu».

Udalaren adierazpenean azpimarratzen dutenez, «eraso sexual eta sexistek gizartean eta gure bizimoduan, arlo pribatuan zein publikoan, ematen den indarkeria matxista islatzen dute». Ildo horretan, emakumeentzat errespetuzkoak ez diren mota guztietako jokabideak arbuiatzen ditu, keinu zein jarrera sexistak eta muturreko erasoak barne hartuta. 

Bilboko Udalak berdintasunaren aldeko gizarte zuzena lortzeko duen konpromisoari lotuta, edonolako eraso sexistei aurre egiteko deia luzatzen die herritarrei eta, aurrekoaren ondorioz, inolako tolerantziarik ez agertzera eta ekintza horiek zigorrik gabe ez uztera gonbidatzen ditu.

«Guztiok azaldu behar dugu emakumeen aurkako indarkeriaren edozein agerraldiren kontra. Horretarako, ekintza horiek salatu behar ditugu, ez ditugu baimendu behar eta haien aurrean ezin gara isildu; aitzitik, gure babesa erakutsi behar diegu jasaten dituztenei, hitz batean, banakako eta taldeko erantzukizuna gure gain hartu behar dugu eraso matxisten aurrean», esaten da oharrean.

Bilboko Udalak eraso horiek gaitzesteko ekintzetan parte hartuko du eta Genero Indarkeriaren alorrean Arretarako eta Prebentziorako Programaren udal zerbitzuak horietaz baliatu behar dituztenen esku jarriko ditu, arreta osoa eta espezializatua eskaintzeko asmoz.