Patxi GAZTELUMENDI
bilbo

Anton Abbadiak ezinezkoa errealitate bihurtu zuenekoa

Loraldia jaialdiaren lehen ekitaldiko sarrera gisa prestatu zuen Patxo Telleriak testua, eta Aitor Mazo zenak egin zuen irakurraldia Arriaga antzokian. Urte batzuk geroago, Oier Guillanen zuzendaritzapean, Txomin Hegyik antzeztu eta hiru musikarik lagunduta eskainiko dute antzoki berean. Abbadiaren bizitzan ikertuta, fikzioa dirudien lana dela aitortu zuen Patxo Telleriak, ezinezkoa zena errealitate bilakatu zuelako hark.

Lore jokoak asmatu zituen XIX. mendean Irlandatik Euskal Herrira etorritako zientzia gizonak. Zientzia eta egun fikzioa diruditen bestelako lanetan murgildu zen arbaso zuberotarrak ere bazituen hura, Dublindik Pariserat, eta Frantziako hiriburutik Hendaiara bizitzera etorritakoa. «Anton Abbadiaren agerpena da istorioa», aitortu zuen Patxo Telleria dramaturgoak. «Harribitxi eta salbuespena da Abbadiaren kasua, euskararen historia elizgizon eskuindarrei lotua delako batik bat», gaineratu zuen antzerkigile bilbotarrak.

Salbuespen horrek ordea, misterio eta gauza interesgarri asko biltzen ditu bere baitan, eta haiek sakonki irakurtzen eta ikertzen aritu zen Telleria duela zenbait urte. «Hobe luke euskarak Abbadia gehiago eta abade gutxiago izan balitu», ateraldia izan zuen Arriagako aurkezpenean.

«Oparia»

Ondoan zuen Txomin Heguy aktore hazpandarra. Bere azken teatro lana izango dena aurkezten. «Opari bat egin didazue», izan zen bere lehen aitortza berba. «Biziki hunkiturik geratu nintzen lana eskaini zidatenean, eta aitortu behar dut egun ez direla asko izaten Hego eta Ipar Euskal Herria batzen duten lanak», bota zuen ostean.

Patxo Telleriak datorren martxoaren 7an, asteazkenez, Bilboko Arriaga antzokian bi emanaldi izango dituen lana «ikuskizun osoa eta betea» izango dela aurreratu zuen. Bera ere ikusteko irrikatzen dago gainera. Txomin Heguy aktoreari ere, lanean abiatu zenean, Patxo Telleriaren testua fikziozkoa iruditu zitzaion, «eta Abbadiaren lana eta bizitza irakurtzen jarri nintzen ni ere, eta frogatu nuen den-dena bere bizitzako pasarteak zirela», aitortu zuen harrituta.

Nola?

Une batez XIX. mendera eraman gintuen Txominek aurkezpenean batutakoak. «Nola ote posible, bidaia horiek guztiak egitea?», kezkati agertu zen. «Gaur goizean autoa hartu eta Hazparnetik Bilbora egin dugu bidaia, oso erraz… baina Abbadiaren ibilera horiek guztiak, Afrikatik, Europatik… nola moldatu ote zen?».

«Ezinean sinesten zuen Anton Abbadiak, eta lan honekin Patxo Telleriaren testuarekin, musikarien laguntzaz eta Oier Guillanen zuzendari lanarekin, guk ere ezina posible egin dugu, guztiok laster ulertu dugu elkar», esanez baikor agertu zen hurrengo asteko emanaldirako.

Lore jokoak Iurretatik Maulera, Beratik Donapaleura hedatu ziren moduan, lan hau ere Bilbotik Hendaiara, eta beste hamaika lekutara eramateko asmoa eta gogoa dute Loraldiaren antolatzaileek bezala, aktore eta musikariek ere.

Eta bidaiaren kontzeptua izan zuen gogoan Xabier Zeberio musikari tolosarrak ere, lan honetarako propio landutako doinuez aritzean.

Agertoki gainean Mixel Ducau, Alaia Phillips eta bera arituko dira instrumentu ezberdinekin. «Gure lana publikoari bidaia horretan laguntzea izan da, leku eta gertaera horiek guztiak girotzea, eta horretarako txoko askotara eramango dugu entzulea», aurreratu zuen Zeberiok. Doinu berriak sortu dituztela-eta pozik agertu zen musikaria, eta kantu zaharren moldaketak ere egin dituztela aipatu zuen ostean. Tartean gaelikoz ere kantatuko du Alaia Phillips abeslari gazteak.

50 minutu inguruko obra da guztien artean ondu dutena, eta datorren asteazkeneko estreinaldian bi funtzio egingo dituzte Arriaga antzokian, eta bigarrenerako dagoeneko sarrera guztiak agortuta daudela aitortu zuten Loraldiaren antolatzaileek.

 

Imanol Jazz transmisio ariketa inprobisatuan bi piano eta bi ahots zuzenean

Bi kantu bereziki gogoan ditu Ainara Ortega abeslariak Imanol gogoratzean. “Zure tristura” entseguetan ere ezin bukatuta aritzen da hernaniarra, eta “Nire euskaltasuna” kantua berriz, inoiz euskaldunok egin dugun gauzarik «unibertsalena eta lokalena aldi berean» iruditzen zaio.

Ainara Ortega eta Petti izango dira Imanolen kantuei ahotsa jarriko dietenak, eta ondoan izango dituzte bi pianista handi, biak Imanolen ondoan arituak: Iñaki Salvador eta Karlos Gimenez. Laboa Jazz estreinatu zuen Loraldiak duela bi urteko edizioan. Eta transmisioaren kezkarekin, aurreko artistak gogoratzeko ariketa librea da aurtengoa ere.

Ariketa horretan oso gustura aritu dira lau musikariak, eta datorren martxoaren 10ean Bilboko Alondegian emango duten emanaldirako galtza bete lan hartu dute.

«Jazz doinuak diren ez dakigu ziur, baina gauza ederra izango dela aurreratu dezakegu», aitortu du Ainara Ortegak gogotsu.

Iñaki Salvadorrekin jazz kantari bezala aritzen da, eta Karlos Gimenezekin Imanol Oroituz proiektuan ibilitakoa da. P.G.