Nagore BELASTEGI

Gure benetako esperientziak indartzeko, birtualera salto egin

Erakargarria da pentsatzea egunen batean pelikula bateko protagonisten alboan ikusi ahal izango dugula geure burua, edo gure alabak lau urte bete zitueneko festan egindako algarak berriro bizi ahal izango ditugula. Hori eskaintzen digu errealitate birtualak.

Hazten naizenean Supergirl izan nahi dut. Orain, Viveri esker lor dezakegu», hasi zuen bere hitzaldia Rikard Steiber HTCren barnean dagoen Vive-ren presidenteak. Errealitate birtuala azken urteetan asko hobetu den sektore bat da. Oroitzen al zarete herriko jaietan errusiar mendian ibiltzen ginela imajinatzeko barraka ekartzen zutela? Ez zirudien benetakoa baina irudimen pixka batekin maldan behera erortzen ari ginela sentitu genezake. Orain, sentsazio horiek lortzea errazagoa da.

HTC Vivek erakustoki handia zuen Bartzelonan ospatu berri den Mobile World Congress azokan. Argiz betetako estudio txikiak zituen, eta bakoitzean betaurrekoak jantzi eta esperientzia liluragarri bat bizitzeko aukera zegoen. Guztietan deigarriena, globoan ibiltzekoa. Globoaren saskia ere bazegoen, eta erabiltzaileak bertan jarrita nora joan erabaki zezakeen. Betaurrekoek emandako esperientziari sinesgarritasun handiagoa emateko, saskia bera mugitu egiten zen. «Teknologiari esker Martera joan gaitezke txango batean –esan zuen Steiberrek bere enpresak eskaintzen dituen edukien argazkiak erakusten– baina ez da beharrezkoa espaziora joatea planeta zoragarri batean bizi garelako. Hiriak edo itsasoak ikus ditzakegu. Naturaren erdian kokatu gaitezke», zioen irudiak pasatuz. Onartu zuen errealitate birtualaren nitxorik garrantzitsuena bideo jokoak direla, jolastu baino jokoaren barruan sartzen zarelako. Aurten mota honetako joko gehiago aterako dituztela iragarri zuen, baina etorkizunean filmak ere teknologia honekin ikusi ahal izango ditugula aurreratu zuen. Ikasteko era ere aldatuko dela esan zuen, adibidez, historiako pasarteak buruz ikasi beharrean bizi ahal izango ditugulako.

Dream enpresako zuzendaria (CEO) da Dave Ranyard. Honek esan zuenez, «2003an ordenagailurako joko bat atera zen, zeinetan web kamerari esker telebista pantaila zikina ikusten zen eta haurrak eskuekin garbitu egin behar zuen. Umeei euren buruak pantailan ikustea gustatzen zitzaien baina jokoa ez zen beste munduko ezer. Gero mando batzuekin zebilen joko bat atera zen, dibertigarriagoa zena baina hala ere kamerarik gabe ezinezkoa da jolastea». Egun, telefonoarekin posiblea da errealitate areagotuko jolasak izatea. Liburu interaktiboarekin, adibidez, pertsonaiak telefonoko pantailan agertzen zaizkigu. Edozein agertokitan ikus ditzakegu berez hor ez dauden objektu edo pertsonaiak. Adibide ospetsu bat da “Pokemon Go”; pokemonak harrapatzeko beharrezkoa zen kalean zehar ibiltzea haien bila, edonon egon zitezkeelako.

«Duela urte batzuk arraroa zen ikustea nola jendea telefonoarekin joaten den kaletik. Urte batzuk barru arrunta izango da errealitate birtualeko betaurrekoekin joatea», esan zuen.

Esperientzien balio erantsia

“The Guardian” egunkaria ere errealitate birtualeko esperientziak eskaintzen hasi da. «‘Hau kazetaritza al da?’, galdetzen didate. Noski baietz», azpimarratu zuen Nicole Jackson editoreak. Orain arte egin dituzten esperientzietako batzuk aipatu zituen ondoren: ziega batean egotea zer den jakiteko jolasa, haur jaioberri batek mundua nola ikusten duen erakusten dizuna, Londreseko kloaketatik ibiltzeko aukera ematen diguna... “The Guardian”-en webgunean edo Facebook eta Youtuben aurkitu ditzakegu bideo interaktibo hauek.

Amaitzeko, Googleko Adrienne McAllisterrek azpimarratu zuen «teknologiak edozein lekura» eraman zaitzakeela. «Dena 2014an hasi zen, kartoi zati batekin», esan zuen Google Cardboard betaurrekoei erreferentzia eginez. Egun betaurreko mota asko dituzte eta esperientzia desberdinak eskaintzeko lanean ari dira. Gainera, gure bizipenak grabatzeko kamera berri bat dute, zeinekin ondoren errealitate birtualean ikusi ahal izango ditugun. «Imajinatu bereziak diren une horiek berriro bizi ahal baditugu, eta berriro lehen aldian sentitu genuena berpiztu», iradoki zuen. Interes handia piztu zuen azken ideia honek.