NAIZ
DONOSTIA

Pentsio duinak izan arte ez dutela etsiko ohartarazi dute erretiratuek

Beste egun batez, milaka erretiratu kalera atera dira Bilbon, Donostian, Gasteizen eta beste herri batzuetan pentsio publiko duinak eta bizitzaren kostu errealari dagozkionak aldarrikatzeko. Lortu arte ez dutela etsiko ohartarazi dute.

Gasteizko Andra Mari Zuriaren plaza bete dute pentsiodunek. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Gasteizko Andra Mari Zuriaren plaza bete dute pentsiodunek. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Milaka erretiratuk elkarretaratzeak egin dituzte gaur eguerdian Donostia, Bilbo, Gasteiz eta EAEko herri nagusietako udaletxeen aurrean herrialde bakoitzeko pentsiodunen plataforma eta elkarteek deituta, astero egiten ari diren mobilizazioen baitan. Pentsio publiko duinak eta bizitzaren kostuarekin eguneratuak aldarrikatu dituzte, eta beren helburua lortu arte ez dutela etsiko ziurtatu dute.

Sindikatu, alderdi politiko eta siglen gainetik pentsiodunen batasuna aldarrikatu dute eta heldu den martxoaren 17rako antolatu diren mobilizazioak gogoratu dituzte. «Gazte, emakume eta pentsio sistema publikoa defendatzen duten guztiei» parte hartzeko deia egin diete.

Bilbon ordu erdi inguru egon dira Udaletxe aurrean. Kontzentrazioaren bukaeran nabarmendu dutenez, «gudu hau irabazi egingo dugu. Ez gaituzte mugituko pentsio duinak lortu arte».

Gasteizen Andra Mari Zuriaren enparantzan bildu dira erretiratuak, Arabako pentsiodunen elkarteek deituta. Pentsioak KPIren arabera eguneratzeko oihuak egin dituzte, eta Mariano Rajoy espainiar Gobernuko presidentea kritikatu dute.

Donostian Udaletxe aurrean elkartu dira eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatu dute. Alderdi Ederren Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia ere izan da erretiratuei babesa adierazteko eta %0,25eko igoera «kolektibo guztiari iseka» egitea dela salatu du.

Pentsio sistemaren aurkako erasoak Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente ohiaren garaitik datorrela gogora ekarri du eta Gizarte Segurantzaren eskumen osoa aldarrikatu du, «hemen erabaki ahal izateko».