@aagirrezabal
iruñea

Ezker abertzaleak manifestazioa deitu du larunbatean Iruñean Xabier Reyren heriotza salatzeko

Ezker abertzaleak manifestazio nazionala deitu du larunbatean Xabier Rey preso politikoaren heriotza salatzeko. 17:00etan Iruñeko Golem zinemetatik abiatuko da. Era berean, gorpuari lehen harrera bat egingo zaio Irache tanatorioan Iruñera iristen denean. «Ez da heriotz natural bat. Ez dago dispertsioa, tratu txarrak eta tortura baino gauza antinaturalagoarik», adierazi dute.

Sortu, LAB eta Ernaiko kideek Xabier Reyren heriotza salatu dute. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
Sortu, LAB eta Ernaiko kideek Xabier Reyren heriotza salatu dute. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Ezker abertzaleak Iruñean egin duen agerraldian Xabier Reyren heriotza salatu du. «Ez da hil, hil egin dute». Eta izen-abizenak jarri dizkiote heriotzari: «Espainiar Estatua eta PP». Sortuko Arkaitz Rodriguez eta Rufi Etxeberria, Ernaiko Lur Albizu eta Mikel Urdangarin eta LABeko Igor Arroyo eta Rosa Iriarte izan dira prentsaurrekoan. 2008an atxilotu zutenean, Rey LABeko ordezkari zen Neumáticos Iruña enpresan.

Bertan, Rey pertsona «alaia», «ikasketetan murgildutakoa» eta «militantea» bezala gogoratu dute, baina atxiloketa, tortura, urrunketa eta isolamendua pairatu dituena: «Ezin izan zion sufrikarioari gehiago eutsi». Honen aurrean, heriotza ez dela naturala izan nabarmendu nahi izan du Rodriguezek. «Ez da heriotz natural bat. Ez dago dispertsioa, tratu txarrak eta tortura baino gauza antinaturalagoarik».

Inkomunikazioan eta torturapean ateratako testigantzen ondorioz zigortu zutela ekarri dute gogora. Horregatik, torturapean oinarritutako kondenak berrikustea eskatu dute eta espetxe politikarekin aldatzea. «Dispertsioarekin amaitzea, lehen graduarekin eta salbuespenarekin amaitzea» ezinbestekotzat jo du ezker abertzaleak «denak etxean izan arte».

Era berean, errelatoaren borrokan «biolentzia bakarra eta alde bakarreko biktimak egon direla sinestarazi nahiko digutela» salatu dute, baina Reyren heriotzak «oraindik ere biktimak daudela eta espetxe politika horren eredu dela» frogatzen duela nabarmendu dute. Horregatik, «ardura» eskatu diete instituzioei eta biktimak eta elkarbizitza «interes politikoetatik kanpo» uztea.

Deialdiak datozen egunetarako

Datozen egunetan hainbat ekimen deitu ditu ezker abertzaleak Iruñean eta PPri eskari berezi bat egin dio. «Bizirik daudenak errespetatzeko gai ez badira, errespeta ditzatela hildakoak. Utzi bakean agur esaten».

Gaur bertan, 20:00etan, mobilizazioa izanen da Donibane auzoan, eta gorpua Iruñera iristen denean lehen harrera bat eginen zaio gorpuari Irache tanatorioan.

Larunbatean, aldiz, manifestazio nazionala deitu dute. 17:00etan Iruñeko Golem zinemetatik abiatuko da.