GARA eta NAIZeko emakumeok planto!

GARA eta NAIZeko emakumeok bat egin dugu Euskal Herriko mugimendu feministak deitu dituen lanuzte eta mobilizazioekin, mundu mailako deialdiarekin bat eginez.

Martxoaren 8a beti berezia izan da GARAko langileontzat, izan ere Udalbiltzaren egutegia onartu eta gorriz edota morez koloreztatu izan dugu egun hau azken hamar urteetan, Emakumeen Eguna balioetsi eta egun honetan jai eginez.

Aurten, mundu mailako deialdiari gure ekarpena egiteko, lan egun bilakatu eta «planto egun» egitea erabaki dugu. Hala, kazetari, telefonista, zuzentzaile, administrazio eta publizitate alorreko emakumeok gure lanpostuak utziko ditugu lau orduz, kalera aterako gara mobilizazioetan gainerako emakumeekin batera parte hartzeko, prekarietatearen, soldata arrakalaren eta indarkeria matxistaren aurka, baita kazetaritzan ere.

Gaurko NAIZ eta GARA gure aldarrikapenekin busti ditugu eta logoak morez jantzi dira, parekidetasunaren alde.