NAIZ
HONDARRIBIA

Gizon bat atxilotu dute Hondarribian, bere bikotekideari eraso egiteagatik

Gizon bat atxilotu dute Hondarribian, bere bikotekideari eraso egitea leporatuta. Hondarribiko Udalak elkarretaratzea egingo du igande honetan, goizeko 11.45etik 12.00ak arte Puntalean.

Erasoa ostegun gauean gertatu zen, Emakumearen Nazioarteko Egunean, Hondarribiko Alde Zaharrean. Gizon batek bere bikotekideari eraso egin zion eta atxilotu egin zuten, Lakuako Segurtasun Sailak baieztatu duenez.

Hondarribiko Udalak «erabateko gaitzespen irmoa» agertu du erasoagatik eta «hurbiltasuna eta elkartasuna» helarazi dizkie erasoa jasan zuen emakumeari.

Udaleko alderdi guztiek adierazpena sinatu dute eta bertan erasoa gaitzetsi dute. «Eraso horrek pertsonen arteko errespetuzko bizikidetza urratu du eta tankera horretako eraso guztiak, giza-eskubideen urraketa diren neurrian, Hondarribian lekuz kanpo» daudela nabarmendu du Udalak, «pertsona guztiek, elkarrekin duintasunez bizitzeko eskubidea baitugu».

Horrekin batera, «herritarrok eta erakundeok indarkeria matxistari aurre egiteko dugun borondate sendoa» gogorarazi du, «indarkeria-mota hori prebenitzea, detektatzea eta horri erantzuna ematea denon egitekoa baita». Era berean, eskerrak eman dizkie erasoa gertatu eta gero biktimari lagundu zioten herritarrei.

Eraso matxista hau salatzeko Udalak elkarretaratzea egingo du bihar, goizeko 11.45etik 12.00ak arte Puntalean. Herritarrei parte hartzeko deia egin die.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere adierazpena onartu dute eta elkartasuna eta babesa halarazi dizkiote erasoa pairatu duen emakumeari. 

Herritarrei eskatu diete «har ditzatela konpromiso pertsonal eta kolektiboak emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde, izan ere, arazo kolektiboa baita, guztiona, guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea eta emakume zein gizonei, herritarrei, elkarteei eta erakundeoi dagokigu erantzutea».