Patxi GAZTELUMENDI
BILBO

Sylvia Plath-en «Hiru emakume» amatasunaz antzokian

Hiru ahotsek osatzen dute Sylvia Plath poetaren lana. Hiru emakume ari dira amatasunari buruz gogoetan. Hiru emakume horiek ikusiko ditugu Arriaga antzokian datorren martxoaren 15ean estreinatuko den obran. Loraldia jaialdiaren ekitaldien barnean, Arriaga antzokiaren ekoizpena da, Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean.

Ez da aspaldi Mireia Gabilondok Sylvia Plath idazlearen lan hori Madrileko liburu denda txiki batean erosi zuela. Handik gutxira jaso zuen Arriaga antzokiaren enkargua, poema liburua antzerkira egokitzeko. Eta bere ondoan izan ditu hiru emakume aktore: Ainhoa Etxebarria, Ane Pikaza eta Ylenia Baglietto. Beste bi emakume ere arituko dira antzezlanean, Ane Lopez kontrabaxua jotzen eta Maria Berasarte ahotsean.

Euskarara ekarri ditu Harkaitz Canok 18 poemak, eta horrekin osatu dute emakume bakoitzaren jarduna, seina poema antzeztuz. «Poesia antzerkira eramatea oso zaila da, baina badakigu literatura ondo ateratzen denean poesia bilakatzen dela», esanez ohartarazi gura izan zuen Mireia Gabilondo zuzendariak lan honetarako egin duen ahalegina. «Irudiak ikusten ditugu bere hitzetatik», Gabilondoren ustez. Eta haurdunaldia, mina, ezina, erditzea edo beste hainbat kontzeptu zelan bizi izan duten entseguetan aipatu zuten aktoreek. Hiru emakume gazte dira taula gainean arituko direnak, «gutako batek ere ez du umerik izan, eta Mireiari entzunda dakigu sentitzen den hori, Sylvia Plathek dioskuna, eta ederra izan da horretaz jardutea, gure artean solas egitea». Ylenia Bagliettoren berbak dira, amatasunaren gainean lan honek iradoki dienaz mintzatzerakoan.

Hiru emakume dira taula gainekoak, eta bakoitzak modu ezberdin batean bizi du amatasuna, haurdunaldia edo bizitza bera. Ane Pikazaren ahotsa pozik dago, haurdun dago eta emakumea eta ama izatea maite du. Ylenia Bagliettoren pertsonaiak ezin du umerik eduki, eta haurdunaldian umea galtzen du. Ainhoa Etxebarriak errepresentatzen duen ahotsak ez du ama izan nahi. Eta umea adopzioan ematen duen emakume baten ahotsetik mintzo da ondarroarra.

Mireia Gabilondo zuzendariak halaber, testuinguruan jarri nahi izan du Sylvia Plath idazlearen bizitza eta obra. «1962an irakurri zituen poema hauek BBC irratian eta hurrengo urtean bere buruaz beste egin zuen, baina 1960. urtean bere lehen alaba izan zuen, Frida. Hurrengo urtean abortu bat eduki zuen, apendizetik operatu zuten laster eta bigarren ume bat izan zuen ostean; handik gutxira hil zen». Idazle baten bizitza «ez da jakiten» aitortu zuen Gabilondok, baina kasu honetan oso barrutik eta ezagutza handiarekin idatzitako poemak direla gaineratu zuen. «Mina sentitu behar da ama honek sentitzen duena bizitzeko» “Hiru emakume” lanaren zuzendariaren aburuz. Ildo berean, Ane Pikazak Martxoaren 8ko mobilizazioak ekarri gura izan zituen gogora: «Mobilizazioan ikusi ditugun emakume horiek guztiek bizitzaren une batean Sylvia Pathek idatzi zuena sentitu dute, ikaragarria da». Une oro jaiotzen dira umeak, erditzeak daude, mina dagoelako bere kezka agertu zuten aktore gazteek. Ainhoa Etxebarriak lan honek «ikusleari zer pentsatu eragingo» diola aurreratu zuen. «Gizartean gai honek sortzen duen presioa kezkatzekoa da», Etxebarriaren aburuz. Eta “Hiru emakume” antzezlanean emakumeek egunerokotasunean bizi duten presioa oso ondo islatzen dela azpimarratu zuen.

Poemak eta musika

Musikak obran duen garrantziaz ere mintzatu ziren nola zuzendaria hala musikariak. Mireia Gabilondok BBCko grabazioak kontuan izanda, «ikuslea irrati barruan sartu» nahi izan du. Eta horregatik kontrabaxua eta abeslaria agertokiaren albo batean arituko dira, zuzenean. «Poemek badute beren musikalitatea, baina harago joan gura izan dugu, giro bat sortuz». Alde horretatik kantuan arituko den Maria Berasartek berak inoiz bizi gabeko esperientziak kantura zelan eraman dituen txundigarria egin zaiola aitortu zuen. «Ni ez naiz haurdun egon, ez dut erditzerik izan.. baina giro hori islatzen saiatu gara lan honetarako». Errepertorioan kontzeptu minimalistak jorratu dituzte eta Beatles, Björk edo bestelako inprobisazioak izango direla aurreratu zuen.